Xabi Orozek sei eta zortzi hilabete artean egon beharko du bajan belauneko lesio larri bategatik

Andoni Elduaien 2021ko api. 27a, 08:05
Xabi Oroz, saskibaloi jokalari azkoitiarra. (Argazkia: Acunsa Gipuzkoa Basket)

Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalariak haustura du eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatuan eta kanpoko meniskoan. Denboraldiari geratzen zaiona eta hurrengoaren zati bat galduko ditu.

Sei eta zortzi hilabeteren artean saskibaloi kantxetatik kanpo egon beharko du Xabi Oroz Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalari azkoitiarrak. Joan den larunbatean, Donostiako Illunben jokatu zuen Acunsa Gipuzkoa Basketek UCAM Murtziaren aurka, eta partida azken laurdenean murgilduta zegoenean, min hartu zuen Orozek.

Atzo egin zizkioten azterketa medikuak, eta han ikusitakoaren arabera, eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren eta kanpoko meniskoaren haustura ditu jokalariariak. Acunsa Gipuzkoa Basket taldeak jakinarazi duenez, gainera, 6-8 hilabetez egongo da jokalaria jokatu ezinda. Hori horrela, aurtengo sasoiari gelditzen zaiona eta datorrenaren lehen zatia galduko ditu azkoitiarrak.

Orozek sare sozialak baliatu ditu eskerrak emateko. "Oso eskertuta nago jaso dudan mezu jasagatik. Ondo nago eta itzuliko naiz", adierazi du saskibaloi jokalari azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide