Naia Arrizabalagak Azpeitian hasiko du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

Andoni Elduaien 2021ko mai. 3a, 09:00

Naia Arrizabalaga bertsolaria.

Bertsolari azkoitiarrak Azpeitiko Soreasu antzokian jokatuko du kanporaketa, datorren ostiralean. Iaz, txapelketako azpitxapelduna izan zen Arrizabalaga.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa martxan da. Apirilaren 23an ekin zion aurtengo bideari txapelketak; aurten, hogei bertsolarik parte hartuko dute txapelketan. Guztira lau kanporaketa jokatuko dituzte, eta Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarrak datorren ostiralean, maiatzak 7, Azpeitiko Soreasu antzokian 19:00etan jokatuko den kanporaketan parte hartuko du. 

Arrizabalagarekin batera jokatuko du Azpeitiko kanporaketa Xabier Albizu Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari azpeitiarrak. Beñat Mateosek, Izar Zelarainek, Mikel Etxezarretak eta Aratz Lasak osatuko dute seikotea. Finala, berriz, maiatzaren 28an izango da Urnietako (Gipuzkoa) Saroben.

Iaz, Arrizabalaga bertsolaria Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalera sailkatu zen. Finala Azkoitiko Kultur Etxean jokatu zuten, eta bigarren sailkatuta, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa jokatzeko sailkatu zen. Hala eta guztiz ere, finala bertan behera utzi zuten COVID-19ak eraginda.

Azpeitiko saiorako gonbidapenak www.bertsozale.eus webgunean gaurtik aurrera eskatu beharko dira galdetegia beteta. COVID-19a dela eta Azpeitia eremu gorrian dago, eta beraz, herritarrek bakarrik hartu ahal izango dituzte saiorako gonbidapenak.