Urrezko partida jokatuko du bihar Juaristi ISBk

Julene Frantzesena 2021ko api. 23a, 16:00
Juaristi ISBko jokalariak joan zen ekainean hil zen Juan Jose Arakistain 'Pino'-ren argazkiarekin. (ISB)

Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak Sant Joan Despiko (Bartzelona) Joan Gamper kirolgunean jokatuko du igoera faseko itzulerako norgehiagoka, 16:45ean, Bartzelona Bren kontra. Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak joaneko partidan eskuratutako sei punturen aldea baliatu nahi du Urrezko LEB ligara igotzeko.

Zaila izango da, baina posible ere bai. Juaristi ISBk Zilarrezko LEB ligatik Urrezko LEB ligara igotzeko aukera paregabea izango du bihar, zapatua. Izan ere, Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak Sant Joan Despiko (Bartzelona) Joan Gamper kirolgunean jokatuko du igoera faseko itzulerako norgehiagoka, 16:45ean, Bartzelona Bren kontra.

Joaneko partidan eskuratutako sei punturen aldea –65 eta 59 amaitu zen neurketa– dute ISBko mutilek, eta aldea txikia bada ere, baliagarri izan dakieke mailaz igotzeko txartela eskuratzeko. Gainera, igoera faseko garailea izango da Zilarrezko LEB ligako 2020-2021 denboraldiko txapelduna.

Biharkoan mailaz igotzerik lortzen ez badu, zer? Beste aukera bat izango du Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak, beste zazpi talderekin batera, igoera fasea jokatuko baitu.

Dena ikusteko

Duela lau urte lortu zuen Iraurgi Saskibaloi Taldeak Urrezko LEB ligara igotzea. 2017-2018 denboraldia maila hartan eginda, orduan Lolo Encinasek gidatzen zuen Sammic ISB taldea berriz jaitsi zen Zilarrezko LEB ligara. Hasterako zekiten denboraldi bakarra egingo zutela urrezko ligan; izan ere, "salbuespentzat" hartu zuten denboraldi hura.

Azpeitiko eta Azkoitiko klubak hori horrela zela zioen hitzarmen bat sinatu zuen Gipuzkoa Basketekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Akordio haren xedea Gipuzkoako saskibaloia "berrantolatzea" zela azaldu zuten sinatzaileek, eta haren arabera, GBC zen lurraldeko talde nagusia. Beraz, ISBko kideek bazekiten denboraldi bat jokatu eta mailari eustea lortuta ere, Zilarrezko LEBera jaitsiko zirela.

Denboraldi hartan ISBk eta GBCk, biek lortu zute mailaz igotzea, baina diru arazoak tarteko, azken unera arte ACB ligan jokatuko zuen zalantzan izan zen Gipuzkoa Basket. Bi taldeak Urrezko LEB Ligan aritzeko aukera baztertuta izan zuten hasieran erakundeek, baina azken unean, hitzarmena sinatuta, ISBk 180.000 euro jaso zituen Aldunditik, eta GBCren erabakiaren zain egon gabe, Urrezko LEB ligan izena eman ahal izan zuen.

Aurten ere antzeko arazoak sor daitezke ISB mailaz igotzen bada eta GBC mailaz jaisten bada; izan ere, Gipuzkoa Basket taldea ACB ligako sailkapeneko azkena da, nahiz eta oraindik sei partida gelditzen zaizkion taldeari denboraldia amaitzeko. Mailaz jaitsiko balitz, GBC Urrezko LEB ligan ariko litzakete 2021-2022 denboraldian; eta Juaristi ISB ere bai, biharko partidan Bartzelona B garaitzen badu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide