Herritar ugari, TicketBAI sistemaren inguruko saioan

Andoni Elduaien 2021ko api. 22a, 17:24
Herritar ugari batu zen atzoko saioan. (Argazkia: Herrixen)

Atzo, asteazkena, egin zuten saioa Elkargunean. 'TicketBA'I edo aurrerantzean TBAI deituko dioten sistemaren inguruko azalpenak eman zituzten.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak nahiz Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkatari elkarteek sustatuta, TicketBAI eta ezarpen saihestezinak eskaintzen dizkigun aukerak izeneko informazio saioa eskaini zuten atzo, Elkargunean. Jendetza elkartu zen Herriko Plaza aretoan. TicketBAI –aurrerantzean TBAI– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak batera abiatutako proiektua da, eta horren helburua da "betebehar legalak eta arlo teknikokoak ezartzea". 

Iraurgi Berritzenen arabera, TBAI 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzea aurreikusten dute, eta ordutik aurrera "jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek argitaratzen diren beharkizun teknikoak betetzen dituen fakturazio softwarea erabili beharko dute".  Sustatzaileen arabera, "sistema berriak foru ogasunei ahalbideratuko diete zergadunen jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzea. Era berean, informazio hori zergadunei beren zergen gaineko betebeharrak betetzen laguntzeko erabiliko da". Finean, fakturen eta tiketen gaineko kontrolerako tresna izango da martxan jarriko dutena.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide