Lau arraunlari azkoitiar lehiatuko dira jubenilen Espainiako batel txapelketan

Mailo Oiarzabal 2021ko api. 21a, 16:18
Orioko jubenilen bateleko arraunlariak, Euskadiko Txapelketaren banderarekin. Makurtuta, ezkerretik hasita aurrena da Unax LarraƱaga. (Jose A. Rodriguez)

Unax Larrañagak Euskadiko Txapelketa irabazi zuen joan den asteburuan Oriorekin; berak, eta Zumaiarekin azpitxapeldun izan diren Manex Unanuek, Manex Azpillagak eta Urko Unanuek parte hartuko dute Moañan (Pontevedra, Galizia) jokatuko den txapelketan.

Unax Larrañaga, Manex Unanue, Manex Azpillaga eta Urko Unanue azkoitiarrak jubenil mailako batelen Espainiako txapelaren bila lehiatuko dira datorren asteburuan Meirako estropada eremuan, Moañan (Pontevedra, Galizia).

Joan den asteburuan Legution (Araba) jokatutako Euskadiko Batel Txapelketan lortutako emaitzei esker sailkatu dira lau arraunlari gazteak Espainiako Batel Txapelketara. Legution, Oriok irabazi zuen Euskadiko txapela eta ontzi horretan tiratzen du Larrañaga azkoitiarrak. Aurten estreinatu da Orion Larrañaga, aurreko denboraldian Zumaian aritu ondoren, eta bere taldeak irabazi ditu orain arte bateletan jokatu dituzten lehia guztiak: Euskadiko Txapelketa, Liga eta Gipuzkoako Txapelketa.

Hiru lehiaketa horietan Zumaiako arraun taldea izan da Oriokoaren lehiakide estuena. Hiruetan azpitxapeldun izan da Zumaiako jubenilen ontzia, eta bertan ari dira Unanue anaiak eta Azpillaga. Larrañaga bezala, hirurak joango dira Galiziara Espainiako Txapelketa lehiatzera. Txapelketa horretan lehiatuko ez den laugarren azkoitiar bat ere bada Zumaiako jubenil mailako taldean, Jon Santizo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide