Oiartzun eta Errenteria izango ditu aurkari Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko api. 20a, 21:08
Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte azkoitiarrek partidak.

Eskuzko modalitatean Oiartzunen aurka hasiko du Azkoitiak aurtengo ibilbidea, eta gomazko paleta modalitatean Errenteriaren aurka.

Gaur, asteartea, arratsaldean egin dituzte Gipuzkoako Herriarteko txapelketen zozketak. Urtebeteko etenaldiaren ondoren, aurten berriro itzuliko da pilotalekuetako herrien arteko dema. Hamasei herri lehiatuko dira eskuzko txapelketan, hemezortzi gomazko paletakoan, zazpi larruzko paletakoan zein pala motzekoan, eta lau zesta-puntakoan. Azkoitiak, ohi bezala, eskuzko eta gomazko paleta txapelketetan parte hartuko du, eta ohiko formatuari eutsiko diote aurten ere. Txapelketan parte hartzen duen herri bakoitzaren etxean, joaneko eta itzulerako hiruna partida jokatu beharko dituzte.

Eskuzko modalitatean Oiartzunen aurka jokatuko ditu final zortzirenak Azkoitiak. Joaneko partidak Oiartzunen jokatuko dituzte, maiatzaren 14tik 16ra bitartean. Itzulerako partidak, berriz, maiatzaren 21etik 23ra bitartean jokatuko dituzte Gurea pilotalekuan. Kanporaketa gaindituz gero, final laurdenetan Bidania-Goiatz edo Amezketa izango dute aurkari azkoitiarrek. Azkoitia finalerdietara iritsiko balitz, berriz, Alegia, Zestoa, Aduna edo Ataun izango du aurkari. Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren finala ekainaren 26an jokatuko da.

Gomazko paleta modalitatean, bestalde, Errenteria izango du arerio Azkoitiak. Errenterian bertan jokatuko dute joanekoa maiatzaren 14tik 16ra bitartean, eta itzulerakoa maiatzaren 21etik 23ra bitartean jokatuko dute palista azkoitiarrek Gurean. Final laurdenetara sailkatuz gero, Soraluze, Zumarraga edo Hernani izango du aurkari Azkoitiak. Azkoitia finalaerdiak jokatzeko sailkatuko balitz, berriz, Azpeitia, Tolosa, Aia edo Astigarraga izango luke aurkari. Gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren finala ekainaren 27an jokatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide