Euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du udalak

Julene Frantzesena 2021ko api. 19a, 12:59
Azkoitiko udaletxearen kanpoaldea.

Herriko enpresetan euskara planak egiteko, euskara ikasteko, UEUren zein EHUren udako ikastaroetan parte hartzeko nahiz edota errotulazioa, irudi korporatiboa, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz egiteko eska daitezke laguntzak.

Azkoitiko Udalak zabaldu du euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak eskatzeko epea. Erakundeak jakinarazi duenez, Azkoitia euskararen arnasguneetako bat da, baina "ezinbestekoa" da euskara sustatzen jarraitzea, "erabilera indartzeko".

Herriko enpresetan euskara planak egiteko, euskara ikasteko, UEUren zein EHUren udako ikastaroetan parte hartzeko nahiz edota errotulazioa, irudi korporatiboa, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz egiteko eska daitezke laguntzak.

Eskaera guztiak udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan edo udalaren webgunean egin behar dira, udalak zehaztu dituen epeen barruan.

Honako hauek dira baldintzak eta dirulaguntzen zenbatekoak:

  • Enpresetan euskara planak sustatzeko laguntzak

Udalak enpresa bakoitzari emango dion gehienezko dirulaguntza 2.000 eurokoa izango da, eta zenbateko hori Eusko Jaurlaritzak xede berarekin emandako dirulaguntzaren osagarri izango da. Dirulaguntza hori eskatzeko azken eguna uztailaren 1a izango da.

  • Euskara ikasteko laguntzak

Neguan eta udan euskaltegian ikastaroak egin eta horiek gainditzen dituztenei, matrikularen %75 ordainduko die udalak. Nolanahi ere, dirulaguntza ez da 500 eurotik gorakoa izango.

Ikastaro trinkoak, autoikaskuntzakoak eta Internet bidezkoak egin eta gainditzen dituztenei, matrikularen %70a ordainduko die erakundeak, betiere 600 eurora arteko mugarekin.

Barnetegian ikastaroak egin eta gainditzen dituztenei, berriz, matrikula, jatordu eta egoitza gastuen %70a ordainduko zaie, betiere 1.300 euroko mugarekin.

2020-2021 ikasturteari lotutako dirulaguntza horiek eskatzeko azken eguna irailaren 30a izango da. Aldiz, 2021-2022 ikasturteko eskaerak urriaren 18tik azaroaren 19ra egin beharko dira.

  • UEUren eta EHUren uda ikastaroetarako laguntzak

Matrikularen kostuaren %75a ordainduko die udalak, ikasleei, langabetuei, erretiratuei nahiz pentsiodunei, eta %25a lanean ari direnei. Nolanahi ere, dirulaguntza ez da 150 eurotik gorakoa izango. Dirulaguntza eskatzeko azken eguna irailaren 30a izango da.

  • Errotuluak, irudi korporatiboa, webguneak, programa informatikoak eta publizitatea euskaraz egiteko laguntzak

Kanpoko errotulua euskaraz jarri nahi duten saltokiek-eta horretan gastatzen duten zenbatekoaren %50 ordainduko du udalak; laguntza, gehienez, 360 eurokoa izango da. Irudi korporatiboa euskaratzeagatik, berriz, kostuaren %60 ordainduko du erakundeak. 360 euroko mugarekin.

Webgunea euskaratzeagatik, zenbatekoaren %60ko dirulaguntza emango du udalak eta kasu horretan, gehienez 600 euroko dirulaguntza eskuratu ahal izango da. Programa informatikoen kasuan, berriz, horiek euskaratzen gastatutakoaren %100 bere gain hartuko du udalak, betiere, 600 euroko mugarekin.

Publizitatea euskaraz egiten duten enpresen kasuan, berriz, ordaindutakoaren %60a emango du udalak. Gehienez, 600 euro. Dirulaguntza hauek guztiak urriaren 29a baino lehen eskatu beharko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide