Anaitasunak garaipena lortu du Txerloian Deusto sailkapen buruaren aurka

Andoni Elduaien 2021ko api. 19a, 09:04
Julen Aramendi, baloiarekin. (Artxiboko irudia)

Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak 2 eta 0 menderatu zuen Bilboko taldea. Ander Arabaolaza eta Unai Aranbarri izan ziren golegileak neurketaren lehen zatian. Emakumezkoen lehen taldeak ere garaipena lortu zuen Elorrion.

Anaitasuna futbol taldeko gizonezkoen lehen taldeak garaipena lortu zuen herenegun, larunbata, Txerloia futbol zelaian. Sailkapenaren buruan den Deusto taldea hartu zuten etxean gorrixek, eta erosotasunez zein lana ondo eginda, bigarren faseko lehen garaipena eskuratu zuten 2 eta 0 irabazita.

Ander Arabaolaza aurrelariak neurketa hasi eta berehala jarri zuen aurretik taldea. Asier Ugarte aurrelari oñatiarrak egindako jaurtiketa okerra oinetan jaso zuen Arabaolazak, eta area barruan, ezinhobeto amaitu zuen jokaldia atezaina engainatuta.

Anaitasuna eroso zen zelaian, eta, 19. minutuan, Unai Aranbarrik gorrixen abantaila handitu zuen. Eskuin hegalean jokaldi ona egin zuen taldeak, eta Markel Ilzarbe bergararrak erdiraketa bikaina eginda, Aranbarrik ez zuen hutsik egin. Area indartsu zapaldu zuen erdilariak, eta baloiari zetorkion moduan jota, Anaitasunaren aldeko bigarren gola egin zuen. Ez lehen zatian eta ez bigarrenean, Bilboko taldeak ez zuen Anaitasuna estuasunetan jarri. Artetxeren taldeak, bere aldetik, zuen errenta handitzeko abagune onak izan zituen, bereziki zelairatu berria zen Mikel Arzalluzen bitartez.

Bigarren faseko lehen hiru puntuak batu zituen Anaitasunak, eta horrela, Bigarren B Mailarako igoera play off-ak jokatzeko aukerekin jarraitzen du; izan ere, multzoan dauden sei taldetatik bik lortuko dute mailaz igotzeko kanporaketak jokatzea. Bigarren fasea jokatzeko lau norgehiagoka besterik ez zaizkio falta Anaitasunari –bi neurketa etxean eta bi etxetik kanpo–, eta gaur-gaurkoz, bi puntura du sailkapena emango lioken bigarren postua. Datorren asteburuan, Anaitasunak Beasainen aurka jokatuko du Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatz futbol zelaian.

Hona hemen Anaitasunak egindako partidaren laburpena: 

Neskek ere, garaipena

Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak ere garaipena lortu zuen atzo, igandea, Elorrioren aurka. Elorrion (Bizkaia) aritu zen Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldea, eta igoera faseko lehen garaipena erditsi zuten bigarren jardunaldian. Neurketaren azken minutuetan hautsi zuten berdinketa gorrixek, Maria Juaristik eta Irantzu Albizurik egindako golei esker.

Hiru puntuei esker, Emakumezkoen Liga Nazionalera igoera lortzeko aukerekin jarraitzen du Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak, sailkapenaren aurrealdean jarraitzen baitute neskek. Datorren asteburuan, Eibar B taldea hartuko du Txerloian Anaitasunak. Armaginak ere igoera lortzeko borrokan bete-betean daude sartuta, eta beraz, hiru puntu garrantzitsu izango dituzte jokoan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide