Finalerdietarako ligaxkako lehen partidak, Zabala-Tolosa eta Alberdi-Salaverri II.a bikoteentzat

Aitziber Arzallus 2021ko api. 17a, 11:31

Atzo iluntzean Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatu zituzten Eskuz Binakako Promozio mailako Txapelketaren finalerdietako ligaxkako lehen bi partidak. Zabalak eta Tolosak 22 eta 21 irabazi zieten Salaberriari eta Etxeberriari; eta Alberdik eta Salaverri II.ak 22 eta 18 Elordi eta Garmendiari.

Eskuz Binakako Promozio mailako Txapelketaren finalerdietako ligaxkari dagozkion bi pilota partida jokatuko zituzten atzo Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Hain zuzen ere, joan den asteburuan finalerdietara sailkatzeko kanporaketak jokatu ondoren, atzo Gurean ekin zieten finalerdietarako ligaxkako partidei.

Lau bikote aritu ziren nor baino nor, eta frontoian ikuslerik ez zen arren, ikuskizuna eskaini zuten pilotariek. Lehen partidan, Zabalak eta Tolosak —Erostarbe ordezkatu zuen— osatutako bikoteak Salaberria eta Etxeberria izango zituen aurkari. Zabala eta Tolosa 6 eta 17 atzetik jarri ziren arren, partidari buelta eman eta 22 eta 21 irabazi zieten Salaberriari eta Etxeberriari.

Bigarren partidan, berriz, Elordi eta Garmendia bikoteak Alberdiren eta Salaverri II.aren aurka jokatu zuen, eta azken horiek izan ziren garaileak, 18 eta 22 eginda.

Bigarren Mailako txapelketan Aspe enpresa da nagusi; izan ere, finalerdietara sailkatu diren lau bikotetatik hiru Aspe enpresakoak dira: Salaberria-Oier Etxebarria, Zabala-Tolosa eta Elordi-Garmendia dira Aspekoak, eta Alberdi-Salaverri II.a Baikokoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide