'Sin limites' telesailaren hainbat atal grabatuko dituzte Santa Klara komentuan

Anartz Izagirre 2021ko api. 14a, 09:00
Santa Klara komentua.

Telesailak Elkanoren eta Magallanesen istorioa izango du ardatz, eta hainbat eszena grabatuko dituzte komentuan. Proiektua otsailean aurkeztu bazuten ere, duela gutxi jo zuten udalera grabatzeko baimena eskatzeko.

Britania Handiko Simon West zuzendaria Sin limites telesaila grabatzen ari da, eta hainbat sekuentzia Santa Klara komentuan errodatuko dituzte. RTVEk eta Amazon Primek ekoitziko dute ikus-entzunezkoa, eta Elkanoren eta Magallanesen istorioa izango du ardatz. Elkanok marinelekin duen elkarrizketa bat zein Sevillako portuko (Andaluzia, Espainia) taberna batean girotutako eszenak grabatuko dituzte Santa Klara komentuan.

Proiektua joan zen otsailean aurkeztu zuten, eta duela gutxi jo zuten Azkoitiko Udalera komentuan grabatzeko baimen eske. Azkoitian ez ezik, Hego Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere egingo dituzte grabaketak, ekainera bitartean. Aurrez, hainbat lan entzutetsu egin ditu Westek; besteak beste, Lara Croft eta Con Air egin ditu. Udalak adierazi duenez, 160 lagun inguru batu daitezke grabaketak iraungo duen bizpahiru egunetan, eta "logistikari lotutako eragozpenak" eragin ditzake egoerak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide