Elkarrizketa

Joseba Beristain: "Zinematik eta musikatik gertu egon izan naiz, beti egin dute bat nirekin"

Andoni Elduaien 2021ko mai. 1a, 10:00
Joseba Beristain, herriko plazan, aurten.

Soinu bandak egin ohi ditu Joseba Beristain musikariak (Azkoitia, 1978). Hogei urtetik gora daramatza azkoitiarrak filmetarako eta bestelako proiektuetarako musika sortzen. Hamaika proiektu egin baditu ere, Beristainek bere burua "ia zinemagiletzat" du.

Joseba Beristain musikari azkoitiarrak bi hamarkada oso baino gehiago daramatza soinu banden munduan murgilduta. Txiki-txikitatik izan du lotura musikarekin, 5 urte zituenean hartu zuen lehendabizikoz musika eskolarako bidea. Musika alboratuta izan zuen tarte batean, baina 16 urterekin barruko harra piztu zitzaion, eta musikarekin lotura berriak egitea erabaki zuen. Lagunekin batera musika talde bat baino gehiagotako kidea izan da Beristain. Musikarekiko zaletasunak eta etxetik jasotako "irudiekiko erlazio intentsoak" bultzatuta, musika banden munduan lan egiten hastea erabaki zuen gero. Harrezkero, era guztietako lanak egin ditu.

Nondik datorkizu soinu bandekiko lotura?

Izeba batek soinu banden zintak zituen, eta hark utzi egiten zizkidan nik entzun nitzan. Gogoan dut autobusean-eta walkmanean entzuten nituela soinu banden abestiak. Zinema ere betidanik gustatu izan zait. 12 urte nituela-edo estreinatu zuten Batman filma, eta niretzat zirraragarria izan zen, baita bere musika ere. Zinematik eta musikatik gertu egon izan naiz; bi diziplina horiek beti egin dute bat nirekin.

2000. urtean egin zenuen lehen musika lana.

Hasieran, film laburren baterako-eta egiten nituen lanak. Lehen lana egin nuenetik, ordea, hogei bat urte pasatu dira.

Umetan entzun ohi zenuen musika sortzen hastea erabaki zenuen, beraz. Nola oroitzen dituzu hasierako urteak?

Konfiantza nuen, soinu bandak egin nitzakeela sinesten nuen. Bestalde, iruditzen zitzaidan soinu bandak sortzeak zoragarria izan behar zuela. Askotan galdetu izan nion nire buruari zergatik hasi nintzen mundu honetan lanean. Une askotan blokeatu egiten nintzen, ez nuen asmatzen, edo ez nekien egoerari nola egin aurre. Paradoxikoa da apur bat. Beti izan dut garbi mendiaren gailurrera ailegatu nintekeela. Horretarako bidea luzeagoa ala zuzenagoa izango da, baina konfiantzarekin eta desioarekin gainditu ditzaket bestelako trabak.

Zein da zure helburua?

Lehen mailan dago filmetarako soinu bandak egitea, eta hori da nire helburua. Soinu banda interesgarriak edota estetikoki zein narratiboki nigandik gertuen dauden lanak egin nahi ditut. Edozein proiektu etorrita ere, guztiak nire egiten saiatzen naiz. Adibide bat ematearren, ez da oso erakargarria ontzi-garbigailu baten iragarki baterako proiektu bat jasotzea, baina beti dago norbere ekarpena egiteko zerbait. Proiektu bakoitzean dago pauso bat edo bi aurrera egiteko aukera.

Musikagilea musika sortzeko duen estudio propioan.

 

"Musikak modu koherentean kontatzen lagundu behar du irudiekin azaltzen den istorioa"

 

Era askotako lanak sortzera iritsi zara.

Ikus-entzunezkoetarako lanak egiten ditut, eta hor gauza asko sartzen dira: dokumentalak, iragarkiak, film laburrak, filmak... Genero aldetik ere lanak desberdinak izan daitezke, filmak narratiboki zein soinu aldetik desberdinak direlako. Artistikoki agintzen lehena filma bera izaten da. Gero, zuzendaria, berak duelako ikuspegi orokorra, eta ondoren ni, zuzendariak nahi duena gauzatzeko musikarekiko jakintza dudalako. Halere, ikusi eta asmatu egin behar da proiektuak zer nolako musika eskatzen duen.

Eroso sentitzen al zara zuzendariekin adostutako lanak egiten?

Nahiago dut horrela, gusturago jarduten dut. Nire burua ia zinemagiletzat gehiago dut musikaritzat baino. Nahiago dut zinemagileak berak nahi duen istorioa kontatzea, eta nik nire musikarekin hori kontatzen laguntzea. Planoetan pentsatu behar izaten dut, oinarrian, narratibako musikan, eta azkenik musikan. Alde horretatik zinema mundutik gertuago sentitzen naiz.

 

"Soinu bandetan eginda dudan ibilbidea sendotzen joan nahi dut"

 

Nola moldatzen zara zuzendariekin lan egiteko?

Orain arte erlazio ona eduki izan dut zuzendariekin, eta erraz ulertu gara, oso zinemazalea naizelako. Zuzendariei erraz jarri ahal dizkiet soinuen eta musiken adibideak, eta elkarrizketa nahiko arinak edukitzen ditugu. Negoziazio uneak ere izaten dira musika gidoiak- eta osatzeko; hau da, musika non, zer musika eta nola jarri erabakitzeko. Normalean, behin eta berriz errepikatzen dut proiektu baterako musikaren inguruan dudan ikuspegia, eta akordioetara iristen gara. Beste batzuetan, berriz, zuzendariak esandakoa egin behar izaten da. Ohartu naiz, nik nire filma muntatzen dudala, baina zuzendariak ikuspegi zabalagoa eta garbiagoa duela filmarekiko. Azken finean, film batentzat jardun behar dugu lanean soinu bandak egiten ditugun musikariok, eta ez norbere musikaren mesedetan. Talde lana da filmak egitea.

Zein da musika sortzeko jarraitu ohi duzun bidea?

Aurretik, proiektuaren aurretiazko muntaia pasatzen didate. Animaziozko lana baldin bada, oinarrizko eskemarekin egindako animazioa jasotzen dut. Lana irudi errealekin egina bada, berriz, muntaia eginda egoten da. Orduan, nik istorioaren mamia zein den atera behar izaten dut; hori da zatirik zailena. Zeri buruz da istorioa? Zer pertsonaia, toki eta gauza daude istorioan? Galdera horiei erantzunda erabakitzen dut musika zeri eta nola jarri. Ondoren, musika gidoia egiten dut, baina nota bat jarri aurretik, buruan garbi eduki beharra dut lehenagoko guztia. Behin musika gidoia erabakitakoan, musika egiten hasi behar izaten da. Beti irudiak ikusiz eta proiektuko elkarrizketak zein soinuak entzunez joan behar izaten dut musika sortzen. Sortutako lana gero proiektuko soinuko kideei pasatzen diet, eta haiek proiektuari txertatzen diote.

Zein film generotan sentitzen zara erosoen?

Hasieran kostatu egiten zait genero batean murgiltzea. Gero, baina, erosoa egiten zait, eta nire genero kutunena bilakatzen da. Filmaren genero aldaketarekin musikaren generoa ere aldatu egiten da. Batzuetan, obra sinfonikoak egiten dira, eta besteetan, musika elektronikoak. Zuritik beltzera aldatzen da askotan.

Musikagilea proiektu baterako grabaketa saioan.

Egungo osasun egoeran zertan aldatu zaizu lan egiteko modua?

Ez zait gehiegi aldatu. Lehen, proiektuko kideekin aurrez aurre egiten genituen lehen harremanak, baina bideokonferentziak zein telefono deiak ere izaten genituen. Nire kobazuloan sartuta egoten nintzen lehen ere. Zentzu horretan inor baino hobeto prestatuta egon gara egungo egoerari aurre egiteko, etxean eta inor gabe lan egitera ohituta geundelako. Halere, errodaje asko bertan behera gelditu dira, eta ondorioz, lan batzuk nahitaez gelditu egin dira. Niri ez dit gehiegi eragin horrek, landu ditudan azken proiektuak animazio proiektuak izan direlako, eta horiek etxetik egiteko aukera izan dudalako.

Lanerako zure "kobazulo" propioa duzula esan duzu.

Musika sortzeko lana nire estudioan egiten dut, baina grabaketak ez, ez baitut horretarako prestatua. Era berean, gainerakoekin bilerak-eta estudioan egiten ditut. Sortze lana, ordea, nire gelatxo horretan egiten dut.

Zein dira soinu bandak sortzeko beharrezko ekipamenduak?

Funtsezkoena ordenagailua da gaur egun. Horrez gain, beharrezkoak dira teklatua eta itxurazko bozgorailuak edukitzea. Behar-behar ez da askoz ere gehiago behar. Proiektuen aurrekontuetan sekulako aldea dago, ordea. Aurrekontuaren arabera, fundamentuz grabatu ahal izango da lana ala ez. Nire estudioan, esaterako, ezin dut bateria grabatu. Saxofoi edo gitarra doinuak grabatu izan ditut bertan, baina musikari gehiago behar izan dugunean, proiekturako estudioetara jo behar izaten dugu grabaketak egitera.

 

"Moda eta lana egiteko modua aldatzen doaz, eta egoerara moldatzen asmatu nahi dut"

 

Inoiz gertatu al zaizu abiatutako proiektu bat albora laga behar izatea?

Zortez, ez zait askotan gertatzen, eta gertatu zaidan gutxitan materiala ez dut berrerabili nahi izan. Gorde bai, gordetzen dut materiala, baina ez naiz beste proiektuetan berrerabiltzearen aldekoa. Musika proiektu batentzat sortzen badut, proiektu horretarako sortzen eta erabiltzen dut soilik. Film asko ikusi edota soinu banda asko entzun ditudalako edo, zuzen joan ohi zait lana zortez.

Irudiari baino soinuari garrantzia gutxiago ematen al zaio?

Bai, balio gutxiago du ia esparru guztietan. Biologikoki ere gizakiak ikusmena entzumena baino gehiago du garatuta; izan ere, ikusmenak entzumenak baino zati handiagoa du garunean. Film edo serie bat amaitutakoan, askok ez lukete jakingo musika nolakoa izan den erantzuten. Musikak eragina du narratiban, eta inkoszienteki irudiei ikuspuntu bat edo beste ematen die. Ekoiztetxeek ere soinuan baino irudian diru gehiago gastatzen dute.

Azkoitiarra, Balda eraikineko eskaileretan, 2019an.

Liburutegietarako musika ere egindakoa zara. Zer sentitzen da zure musika espero ez duzun lanen batean entzutean?

Oso arraroa da. Liburutegietarako lana behin bakarrik egin dut. Behin, Madrilgo enpresa batek euskal musika egiteko eskatu zidan, pentsa. Enpresa hark nazioarteko katalogo bat zuen, eta ukitu bereziko musika egitea nahi zuen; fadoak eta flamenkoa, adibidez, bazituen enpresak, baina euskal musika nahi zuen nik sortzea. Zazpi abesti egin nizkien, esku soinua, txalaparta, ttunttuna eta alboka nahastuta. Musika hori Eusko Jaurlaritzak erabili izan du turismo kanpainetan, gero. Lurrin baten iragarki batean ere erabilita daude, baita Lekeitioko dantza taldeak egindako ikus-entzunezko batean ere.

Hainbat sariketetarako izendatu izan zaituzte. Espero al zenuen izendapenak eta sariak jasotzea?

Egia esan, espero nuen gutxieneko zerbait lortzea. Soinu bandak sortzen hasi nintzenean, Jerry Goldsmith zenaren omenezko sariak zeuden bakarrik. Nire helburuetako bat sariketa horretan izendapenen bat jasotzea zen, eta zorionez, hiru aldiz egon naiz hautagaien artean. Ezagutzen dut sariketen kontuak nola funtzionatzen duen, eta noski, poza ematen du izendatuta egotea; halere, dagoeneko ez dut duela urte batzuk bezala hartzen sariketen eta izendapenen kontua. Ikusi dut izendatuta egoteak-eta ez duela horrenbeste esan nahi. Hamaika faktore daude hautagaien artean egoteko, baina ez dut garbi zer nolako eragina duen.

Izendapenek eta sariek ireki al dizute ate berririk?

Ez dut uste. Inork ez dit esan nire lana izendatutakoen zerrendan ikusi duelako deitu didala lanerako. Halere, baliteke noiz edo noiz izendatuta egon naizelako nize izena ezagunagoa egin izana. Iruditzen zait, gainera, sarien mundua nahiko endogamikoa dela. Nork daki nork irabazi duen sariketa bateko musika onenaren saria? Ziurrenik izendatuta zeuden beste musikariek edo hautagaiek bakarrik. Kalean galdetuko bagenu Goya sarietan nork irabazi duen soinu banda onenaren saria, inork ez luke asmatuko. Musikarion arteko kontua da azken finean.

Zein lanek asetu zaitu gehien?

Orkestra osoarekin eta orfeioarekin grabatu genuelako, Elkano: lehen mundu bira filmak asetu nau gehien; fundamentuz egin genuen lana izan zen. Gero, gainera, kontzertua eskaini zuten Donostiako Belodromoan. Joko asko eman zuen proiektuak, eta esango nuke hura izan zela gogobetekoena. Halere, eta zortez, proiektu bakoitzak du grazia bere eskalan. Adibidez, Xanti Rodriguezen Ospel film laburrean beste era batera egin genuen lan. Pertsona batek hainbat hari- instrumentu jo zituen eta horiek nahastu behar izan genituen gero orkestra soinua imitatuz. Lan horiek ere bestelako pozak ematen dituzte.

Zein unerekin gozatu duzu gehien zure ibilbidean?

Unerik ederrena Elkano: lehen mundu bira filmerako sortutako musikarekin Donostiako Belodromoan eman genuen kontzertuaren eguna izan zen. Egun hura izan da oraingoz nire ibilbideko une gogoangarriena. Lanik potoloena edo samurrena aurretik eginda zegoen, eta gozatzeko unea izan zen egun hura. Ederra izan zen orkestra batek horrenbeste jenderen aurrean nik sortutako musika interpretatzea.

Zeri ematen diozu garrantzia musika sortzerakoan?

Musikak gaitasun narratiboa eduki behar du, eta ondo entzun behar da. Musikak modu koherente batean kontatzen lagundu behar du irudiekin azaltzen den istorioa. Filmeko pertsonaia bati musika bat ematea erabakitzen bada, gero koherentzia bat eman behar zaio filmean zehar. Pertsonaia bati filmean gauza garrantzitsuak gertatzen baldin bazaizkio, musikak gauza horiek islatzeko gaitasuna eduki behar du, eta amaierara arteko koherentzia eman behar zaio. Ezin du musika desberdinen arteko nahasketa bat izan.

Zer duzu nahiago, proiektu bakoitzari bere tartea ematea edo bata bestearekin nahastuz garatzea?

Saiatzen naiz proiektu bakoitzari bere tartea eskaintzen. Errealitatean, ordea, ez da horrela izaten. Lan bat amaitu aurretik beste bat sartzen bada, zaila da proiektuak ez nahastea. Lana interesgarria baldin bada, gainera, ez da erraza izaten eskaintzari ezezkoa ematea. Proiektu bat baino gehiagotan batera murgilduta egonda, berriz, iruditzen zait proiektu baterako egindako lana beste proiektuekin nahasteko arriskua dagoela. Halere, jende askok esaten du, sortze proiektu batean murgilduta zaudenean, beste egitasmo batzuk esku artean izatea garrantzitsua dela.

Gaur egun, zer duzu esku artean?

Helduentzako animazio film potolo baterako lan egingo dut ziurrenik, baita Xanti Rodriguezen film labur baterako eta telesail baten atal pilotu baterako ere. Mondragon Unibertsitateko ikus- entzunezko ikasleei soinu banden irakasgaia irakasten diet. Euskadi Irratian ere kolaboratzen dut, eta hitzaldiak ere eskaini ohi ditut. Soinu banden gaia gizarteratzen saiatzen naiz, beraz. Horrez gain, noiz edo noiz martxan jartzea gustatuko litzaidakeen proiektu propio bat ere badut buruan.

Zein proiekturekin amesten duzu?

Noiz edo noiz zuzenekorako ikus-entzunezkoen ikuskizun bat egitea nahiko nuke; hori darabilkit buruan. Pixkanaka soinu bandetan dudan ibilbidea sendotzen joan nahi dut, presarik gabe, baina gehiegi itxaron gabe. Prest nago etortzen den guztiari heltzeko.

Aurrera begira zein dira zure asmoak?

Soinu bandak egiten jarraitu nahi dut. Nire nahiekin lotutako filmak egin nahi ditut; hori da, batik bat, nire helburua. Horrez gain, moda eta lan egiteko modua aldatzen ari dira, eta egoerara moldatzen asmatu nahi dut. Jarraikortasuna eman nahi diot nire ibilbideari.

Inoiz pentsatu al duzu herrira begira zerbait egitea?

Bai, baina ezin dut ezer aurreratu. Pentsatu izan dut noiz edo noiz, eta zerbait aterako dela uste dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide