Hitz bitan

Bizen Garcia: "Konstantzia izan behar da euskara ikasteko"

Nerea Uranga 2021ko api. 26a, 09:00
Bizen Garcia mintzalaguna.

Mintzalagun egitasmoan parte hartzen du Bizen Garciak sorreratik (1959, Santa Maria del Campo, Burgos). Maite Aierdi bidelagun duela dabil euskara ikasteko urratsak egiten. Mintzapraktika egitasmoak 11. ikasturtea du aurten Azkoitian, eta udalak zein AEK-k sustatutako egitasmoa da. Mintzalagun euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzeko programa da.

Orain dela 35 urte etorri zinen Azkoitira bizitzera. Nolatan?

Ezkondu ondoren etorri nintzen Azkoitira bizitzera. Senarra eta biok jatorriz herri berekoak gara. Senarra oso gaztea zela etorri zen Azkoitira; osaba-izebak zituen hemen, eta lanera etorri zen.

Azkoitira etorri eta euskara ikasten hasi zinen.

Azkoitian bizitzeko euskaraz jakitea oso garrantzitsua da. Niretzako euskaraz ez jakitea eragozpen handia izan da beste herritarrekin harremanak izateko edota beste pertsona batzuk ezagutzeko. Bi alaba ditut, eta haiek euskaraz ikasi zuten. Haiei eskolako lanak egiten lagundu nahi izaten nien, eta laguntza hori emateko, gutxienez pixka bat jakin beharra nuen euskaraz. Beraz, euskara ikastea erabaki nuen.

Hala, euskaltegira jo al zenuen?

Bai, aurrena Azpeitiko Udal Euskaltegian ibili nintzen, eta gero, Azkoitiko AEKn. Gustura ibili nintzen bai, eta merezi izan du. Baina euskara ikasteko konstantzia eta denbora behar dira; euskara ezin da bat-batean ikasi.

Orain dela 11 urte Mintzalagun mintzapraktika programa jarri zuten abian Azkoitian, zuk parte hartu duzu hasieratik. Zergatik?

Mintzalagunen Maite Aierdi izan dut bidelagun hasieratik. Hura niretzako oso inportantea izan da, pazientzia, konstantzia eta abar daukalako. Zoragarria izan da Maite ondoan edukitzea. Gurekin, ahal duenetan, Raul ere elkartzen da.

Hainbeste urte eta gero, elkar ondo ezagutuko duzue.

Elkar ezagutzea eta konfiantza izatea garrantzitsua da. Hori zoragarria da.

Mintzalagunen parte hartzeak asko lagundu al dizu euskara ikasteko eta mintzatzeko garaian?

Bai, bai, noski. Maitek beti euskaraz hitz egiten dit. Ni batzuetan, barrutik hala ateratzen zaidalako, erderara pasatzen naiz, baina berak beti euskaraz egiten dit pazientzia handiarekin, eta hori oso ona da niretzako. Haren konstantzia eta gogoa izugarriak dira; niretzat funtsezkoak gainera. Pertsona batekin euskaraz hitz egiten gustura jardutea pribilejio bat da.

Astero elkartzen zarete, baina beti ez duzue gauza bera egiten, ezta?

Ez, askotariko gauzak egiten ditugu: erosketak egin, erakusleihoak ikusi, kafea hartu, ibiltzera joan, hondartzara joan... Autoa hartuta kanpora ere joan izan gara eguna pasatzera: Zarautzera, Donostiara, Gaztelugatxera, Gasteizera... Baita mendira ere: Urbiara, Erlora... Azkena, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria ikustera joan ginen, eta handik Donostiara eguna pasatzera. Maiteri esker gauza asko egiten ditugu, ekimen handiko pertsona delako.

Euskaraz hitz egiteko eta ikasteko elkartzen zarete, baina lagunarte giroa duzue.

Bai, hala da. Garrantzitsua da taldean, gure artean, giro ona edukitzea. Horregatik iraun dugu hainbeste urtean.

Konfinamenduan nola moldatu zarete?

Konfinamenduak eta pandemiak ere eragin du Mintzalagunen. Konfinamenduan denbora asko egon ginen elkartu gabe. Gainontzean, Mintzalagun programako ikasturtea ekainean bukatu eta urrian hasten da, baina gu uztailean eta irailean ere elkartzen gara.

Mintzalaguneko beste taldeekin ba al duzue harremanik?

Lehen gehiago elkartzen ginen, baina pandemia dela eta, azken Mintzalagun ikasturteak bereziak izaten ari dira. Beste urteetan egin izan ditugu Mintzalaguneko partaideok hainbat gauza elkarrekin: kantu poteoa, ikasturte bukaerako afaria, pintxo eta patata tortilla lehiaketak, euskarazko pelikulen emanaldiak...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide