Azkoitian hasiko da eskuz binakako promozio mailako finalerdietako ligaxka

Andoni Elduaien 2021ko api. 13a, 08:41
Elordi pilotaria, gorriz. (Argazkia: Aspe)

Ostiralean, Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte finalerdietako ligaxkako bi pilota partida. Finalerdietara sailkatu diren lau bikotetatik hiru Aspe enpresakoak dira.

Datorren ostiralean, apirilak 16, Eskuz Binakako Promozio mailako Txapelketaren finalerdietako ligaxkari dagozkion bi pilota partida jokatuko dituzte Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Asteburuan finalerdietara sailkatzeko kanporaketak jokatu ondoren, Gurean hasiko dituzte finalerdietarako ligaxkako partidak.

22:00etan hasita, lau bikote nor baino nor gehiago arituko dira frontoian. Lehen partidan, Zabalak eta Erostarbek osatutako bikoteak Salaberria eta Etxeberria izango ditu aurkari. Bigarren partidan, berriz, Elordi eta Garmendia bikoteak Alberdiren eta Salaverri II.aren aurka jokatuko du.

Bigarren Mailako txapelketan Aspe enpresa da nagusi; izan ere, finalerdietara sailkatu diren lau bikotetatik hiru Aspe enpresakoak dira: Salaberria-Oier Etxebarria, Zabala-Erostarbe eta Elordi-Garmendia dira Aspekoak, eta Alberdi-Salaverri II.a Baikokoa.

Lehen fasean, Salaberria-Garmendia bikotea izan zen onena, jokatutako hamalau partidetatik hamahiru irabazita. Horien atzetik sailkatu ziren Zabala-Erostarbe, hamar garaipenekin, eta Elordi-Garmendia, bederatzi partida irabazita. Finalerdietan sartu den Alberdi-Salaverri II bikotea, aldiz, bosgarren sailkatu zen sei garaipen lortuta.

Azkoitiko Gurea pilotalekuko bi partidak ETB1ek zuzenean eskainiko ditu, 22:00etatik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide