Arteterapia eta autodefentsa tailerrak, Emakumeok Ahalduntzeko Ikastaroetako berrikuntzak

Ihintza Elustondo 2021ko api. 8a, 09:21
Arteterapia ikastaroa izango da berrikuntzetako bat. (Argazkia: Pixabay)

Emakumeok Ahalduntzeko Ikastaroen barruan, lau tailer antolatu ditu Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak: arteterapia, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, batukada eta autodefentsa tailerra. Apirilaren 20ra bitartean eman daiteke izena.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak saio berriak antolatu ditu Emakumeok Ahalduntzeko Ikastaroen barruan. Apiriletik ekainera bitartean egingo dituzte ikastaro horiek. Guztira, lau ikastaro izango dira: arteterapia, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, batukada eta autodefentsa tailerra. Berrikuntzak dira arteterapia eta autodefentsa tailerrak.

Arteterapia tailerra Irantzu Iturbek zuzenduko du. "Sorkuntzaren bitartez, osasuna sustatzen laguntzen duen diziplina da arteterapia, eta eragina du pertsonaren egoera emozional, mental eta fisikoan", azaldu du hark. Norbere burua hobeto ezagutzeko eta emozioak modu natural eta osasungarrian adierazteko balio du, beraz, ikastaroak. Saioak asteazkenetan izango dira, apirilaren 28tik ekainaren 9ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara.

Emagin elkarteak eskainiko du autodefentsa tailerra. Ikastaroaren gidarien arabera, indarkeria sexistak dimentsio zabala du, eta edozein eremutatik azter daiteke. "Emakumeok pasibotasunaren ideian hezten gaituzte, eta babesa behar dugun pertsonak garela sinesten dugu. Ideia hori hautsi eta gure buruak aitortu, egoeraz jabetu eta boteretzeko autodefentsa feminista lehenesten dugu", adierazi dute Emagineko kideek. Indarkeriaren dimentsio zabalenari heldu eta horri aurre egiteko tresnei buruzko hausnarketa egingo dute saioetan. Tailerra maiatzaren 22an eta 29an emango dute, 09:30etik 13:30era.

Beste bi proposamenak, zoru pelbikoa indartzeko tailerra eta batukada, ez dira berriak. Lehenengoa Josune Milanek zuzentzen du, eta batukadaz Ainara Sarasketa eta Arantxa Albizu arduratzen dira. Bi tailerrek erantzun arrakastatsua dute, eta horregatik erabaki dute saioei jarraipena ematea. Zoru pelbikoaren inguruko saioak apirilaren 22an hasiko dira eta maiatzaren 27an bukatu; ostegunetan izango dira, 15:15etik 16:30era. Batukadako taldeak, berriz, lau saio egingo ditu apiriletik ekainera, 18:00etatik 20:00etara.

Izen ematea, zabalik

Ikastaro guztiak Elkargunean izango dira, batukadarena izan ezik; batukada saioak Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan egiten dituzte. Ikastaroren batean parte hartu nahi dutenek apirilaren 20ra bitartean eman dezakete izena Herritarren Harrera Bulegoan, 943-08 00 80 telefonora deituta edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide