Astebetean ia hirukoiztu egin da intzidentzia tasa Azkoitian

IƱigo Gaiton 2021ko api. 2a, 14:09

Eguneko hiru kasu positiboko bataz bestekoa izan da azken zazpi egunetan Azkoitian, eta ondorioz, intzidentzia tasa 100 baino baxuagoa izatetik 200 baino altuagoa izatera pasatu da joan den ostiraletik.

Eusko Jaurlaritzak herriz herriko datuekin eguneratu du gaur, ostiralarekin, koronabirusaren datuen gaineko txostena. Dokumentuak jasotzen duen informazioaren arabera, Azkoitian zortzi kasu positibo detektatu zituzten asteazkenean eta atzo, osteguna, egindako probetan –bost asteazkenean eta hiru atzo–. Intzidentzia tasak ere gora egin du ondorioz Azkoitian, eta dagoeneko 200dik gorakoa da; 208,63koa, hain zuzen.

Azken astean 21 kasu positibo zenbatu dituzte herrian, eta kasuen kurba berriz ere goranzko joera hasi da hartzen, grafikoan ikus daitekeen moduan. Intzidentzia tasak ere nabarmen egin du gora; izan ere, duela astebete 75,11koa zen zenbatekoa. Zazpi egunean, beraz, 100 baino txikiagoa izaetik 200 baino altuagoa izatera pasatu da Azkoitiko kasu metatuen tasa. 1.000 kasu positiboen langa ere gero eta gertuago dago Azkoitian; izan ere, iazko martxoaz geroztik 953 azkoitiarrek eman dute positibo PCR edo antigeno probaren batean.

Urola Kosta eskualdean guztira 36 positibo detektatu zituzten asteazkenean eta ostegunean egindako testetan. Orion eta Zumaian seina kasu izan dira azken egunetan, eta 163,08ko eta 203,52ko tasak dituzte, hurrenez hurren. Zarautzen, aldiz –209,88ko tasa–, bost kasu zenbatu ditu Osakidetzak.

Azpeitian lau kasu zenbatu dituzte, eta 151,12an dute tasa momentu honetan, eta Getarian –212,01– eta Aian –755,67– hiruna izan dira. Zestoan, berriz, kasu bakarra zenbatu dute –231,12ko tasa–. Gainontzeko herrietan ez da positiborik izan. Azken egunetan izaten ari den goranzko joera nabarmenaren ondorioz, eskualdeko bost herri daude eremu horian momentu honetan: Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere.

807 positibo hegoaldean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak jakinarazi dutenez, guztira 807 detektatu dira atzo Hego Euskal Herrian egindako probetan. Araban 92 izan ziren, Bizkaian 264, Gipuzkoan 207 eta 154 Nafarroan; hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere eman dute positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.223 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %9,1ekoa izan zen. Nafarroan, aldiz, kutsatze tasa %8,3koa da atzoko positiboen ondoren.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 46 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta gaur gaurkoz, 284 pertsona daude ingresatuta, horietatik 91 Zainketa Intentsiboen Unitatean. RO Indizeari dagokionez, 1,08koa da bataz beste hiru lurraldeetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide