Bidasoa Xake eta Gros nagusi, Gaztedi xake txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 28a, 14:16

Iaz atzeratuta gelditu zen Gaztedi xake txapelketa jokatu dute gaur Gurea pilotalekuan hainbat gaztetxok. Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldea bigarren sailkatu da handien mailan.

Iazko Gaztedi xake txapelketaren finala jokatu dute gaur, igandea, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Garaipena Gros A taldearentzat izan da handien mailan, eta txikien mailan Bidasoa Xake nagusitu da. Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldea bigarren sailkatu da handien mailan. Azkoitiarrek galdu egin dute gaurko txapeldunaren aurka, baina irabazi Hondarribia-Marlaxka taldeari. Txikien mailan, berriz, Hondarribia-Marlaxka izan da bigarrena.

Zortzi taldek parte hartu dute finalean, bi mailatan banatuta. Finala Anaitasuna-Kakute taldea honako xakelariek jokatu dute: Markel Vesga, Cristian Cretu, Denis Valor, Aner Alonso, Lucia Valor eta Aritz Soraluze. Azkoitiko taldearen ordezkariak, berriz, Anibal Fernandez eta Juan Carlos Valor izan dira.

Pandemiaren eraginez, Kutxa Fundazioak antolatzen duen txapelketaren iazko neurketak atzeratu egin behar izan zituzten, eta finala gaur jokatu behar izan dute. Gipuzkoako Xake Federazioak eta Anaitasuna-Kakute xake taldeak elkarlanean antolatu dute finala, "osasun neurri zorrotzak" hartuta. Asier Plazaolak eta Judith Goenagak osatutako protokolo zorrotza bete behar izan dute partehartzaileek pilotalekuan. Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik, gainera, gaurkoa bezalako txapelketak antolatzerako Jesus Andueza Gurea pilotalekuko kudeatzaileak egiten duen "lana" eskertu nahi izan du Anaitasuna-Kakute taldeak; garaikur bat eman diote Anduezari.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide