Parrokian ospatu dute Erramu Eguna

Andoni Elduaien 2021ko mar. 28a, 14:00

Erramu Eguneko ospakizunak parrokian egin ditu Azkoitiko Parrokiak. Hiru mezatan bedeinkatu ahal izan dituzte herritarrek erramu adarrak.

Erramu Igandea izanik, hainbat eta hainbat azkoitiarrek hartu du goizean Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizarako bidea. Erramu Eguna ospatzeko ekitaldiak kalean ospatu ohi ditu Azkoitiko Parrokiak, baina, egoerak laguntzen ez duenez, parrokian ospatu behar izan dute aurtengoan. 

10:00etako eta 11:00etako mezetan zein 12:15eko familia mezan bedeinkatu dituzte erramuak, eta horretarako, Azkoitiko Parrokiak erramuak eskuragarri jarri ditu eliz atarian bertan. Iaz, parrokiak ez zuen ez Erramu Eguna ez Aste Santua jendaurrean ospatzerik izan, orduan ezarrita zegoen etxeratze aginduagatik.

Erramu Egunean ohikoak izaten dira Azkoitian erramuen bedeinkapena, prozesioa eta meza. Kristauak herriko plazan elkartu ohi dira urtero 11:00etan, eta han herriko erretoreak erramuak bedeinkatzen ditu. Bedeinkapenen ondoren, Kale Nagusitik barrena parrokiarako bidea egiten dute kristauek prozesioan, eta han meza nagusia eskaini ohi du apaizak. Datorren urtean egoera bestelakoa izatea espero dutela adierazi dute parrokiko taldeko kideek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide