Urola ibaia, lotsaren ispilu

Andoni Elduaien 2021ko mar. 28a, 08:25
Sanchezek ibaitik ateratako zaborra. (Argazkia: G. Alberdi)

Gregorio Sanchez Azkoitiko bizilaguna Urola ibaira jaitsi da, eta era guztietako zaborra atera du bertatik. Sanchezek, ordea, garbi du irtenbidea ez dela beste norbanako batzuek botatako zaborra jasotzen ibiltzea, eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die. "Urola zaintzearen garrantzia" azpimarratu nahi izan du.

Gregorio Sanchez Azkoitiko bizilaguna da, eta duela gutxi errekara jaitsi zen, han botata zegoen zaborra ateratzeko. Era berean, Sanchezek "Urola zaintzearen garrantzia" erakutsi nahi izan die azkoitiarrei. Zaborra ibaiaren ibilguan pilatzen ari zela ikusita erabaki zuen Sanchezek ur ertzera jaistea. "Egunetik egunera gero eta suminduago jartzen ninduen ertzak plastikoz, kartoiz, hainbat aparailu elektronikoz eta abarrez estalita zeudela ikusteak, eta nahikoa zela esan nuen. Eta Urolako zabor hau guztia ateratzen hasiko nintzela pentsatu nuen, jendeak ikus dezan zenbaterainoko axolagabeak garen. 

Sanchezek ez du denbora asko behar izan zabor hori guztia ibaitik ateratzeko. "Ordubete inguruko hiru saiotan nahiko nukeena baino zabor gehiago bildu dut", azaldu du. Bilketan ere ez du distantzia handirik egin behar izan; izan ere, plastikoen eta gainerako zaborren kontzentrazioa "handia" zela adierazi du. "Oso mugatuta dauden hiru gunetan jaso dut hori guztia".

Sentitzen zuen "haserreak" bultzatu du Sanchez ibaira jaistera. "Orain, sentimendua ez da hobea. Egun gutxi barru dena zaborrez beteta egongo da berriro. Iraingarria da ibaiak horrela ikustea". "Poltsak eta poltsak" bete ditu Sanchezek hondakinez, zaborrez eta bilgarrien plastikoz. Halaber, "penatuta" agertu da zabor horietako batzuk tokiko enpresen izena daramatelako.

Hala eta guztiz ere, Sanchezen asmoa ez da izan ibaia garbitzea. "Ez naiz ibaia garbitzera jaitsi, baizik eta hortik atera behar ez den zerbait, kontzienteki edo inkontzienteki ibaira botatzen dugula adierazteko. Arazoaren irtenbidea ez da ni edo beste ehun lagun boluntario ibaira zaborrak biltzera jaistea. Irtenbidea ibaia altxor bat dela ikustea da, denok goza dezakeguna. Ibaia ez da gure hondakinak botatzeko estolda bat", nabarmendu du Sanchezek.

Sanchezek argi du norberaren "erosotasunari edo soldatari" eragiten ez badio, "zaila" dela zer gertatzen den ikustea. "Nolabait, azken 50 urteotan barneratu dugu, ibaia dela soberan edo gogaituta duguna botatzeko lekua, eta ibaiak eraman egiten duela eta kito; baina, oso oker gaude. Jendea heziz bide berri bati ekin behar zaio, kontzientziazio lan handia egin behar da. Errekara botatzen den hori guztia uda honetan hondartzara joaten garenean aurkituko dugu, eta gu izango gara kexatzen eta irtenbideak eskatzen lehenak. Gu gara irtenbidea, ez zikintzea eta daukaguna zaintzea da irtenbidea", adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide