Porrotarekin hasi dute igoera fasea Anaitasunako neskek

Andoni Elduaien 2021ko mar. 27a, 18:27

Liga Nazionalerako igoera faseko lehen neurketa 0 eta 1 galdu du etxean Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak.

Anaitasunako emakumeen lehen taldeak galdu egin du gaur, larunbata, Txerloian. Leioako Emakumeak taldearen aurka jokatu dute gorrixek Liga Nazionalerako igoera faseko lehen neurketa, eta 0 eta 1 nagusitu dira bizkaitarrak. 

Lehen zatian jokoa sortzeko arazo gehiago izan ditu Gorka Zubiarretaren taldeak, eta egoera okertu egin da bisitariek gola egin dutenean. Neurketaren bigarren zatian, ordea, Anaitasunak bere zelaian itxi du Bizkaiko futbol taldea, eta mendean izan du jokoan; gola besterik ez zaie falta izan bigarren zatian egindako lanaren ordaina jasotzeko. Eztabaidarako jokaldirik ere izan da Txerloian; izan ere, Ainhoa Galarragak area ertzetik jaurtitako faltan etxekoek gola eskatu dute, baloiak goleko lerroa gainditu duela adieraziz. Epaileak, ordea, ez du horrela ebatzi, eta hiru puntuek Leioarako (Bizkaia) bidea hartu dute.

Igoera faseko hurrengo neurketa Elorrioren aurka jokatuko du Anaitasunak apirilaren 17an edo 18an, Elorrion (Bizkaia). Hurrengo bi asteburuak, beraz, atseden hartzeko eta hurrengo erronka prestatzeko baliatuko dituzte neskek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide