Presoen lekualdatze plana "lehenbailehen" amaitzeko eskatu du Sare Herritarrak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 27a, 09:30

Presoen lekualdatze erritmoa bizkortzea eskatu zuen Sare Herritarrak atzo herriko plazan egindako elkarretaratzean. Adierazi zuten ez duela "zentzurik" astero bost presoren lekualdaketak iragartzeak.

Azkoitiko Sare Herritarrak atzo, ostirala, egin zuen martxoko azken ostiraleko elkarretaratzea. Herritar ugari elkartu zen 19:30ean plazan. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari "erantzukizunez eta arintasunez" jarduteko eskatu zioten bertaratutakoek, "lekualdatze-plana lehenbailehen" amaitzeko eskatzearekin batera.

"Beharrezkoa da Espainiako agintariek pandemiaren kudeaketa interpretatzerakoan ezartzen dituzten erritmoak gainditzea, eskubideak urratzen baitira presoak espetxe barruan gehiago isolatzean, eta haratago begiratuz, uste dugu urrunketa eta sakabanaketa desagerrarazteko erabakia hartu ondoren, ez duela zentzurik gaur egungo dinamikari eusteak, hau da, astero bost lekualdaketa iragartzeak", azaldu zuten elkarretaratzean.

"Egiteke dauden hurbilketak gauzatzeko unea" dela nabarmendu zuten atzo plazan, eta lekualdatze erritmoa "asteko lau edo bost" izan beharrean, "gehiago izateko unea" dela berretsi zuten, "ahalik eta azkarren espetxe-mapa berria" lortzeko. Era berean, presoak Euskal Herriko espetxeetara "lehenbailehen hurbiltzeko erabakia" hartzeko, "beste bultzada bat" behar dela nabarmendu zuten.

"Espainiako Gobernuak ezin du jarraitu Euskal Herrira itzultzeko prozesua geldiarazi nahi duen lobbyaren zain. Ezin dugu onartu urruntzea dokumentatzen ari ziren kazetari herbeheretarrek Puertoko espetxera zihoazenean jasan zuten istripua bezalako gehiago gertatzea; izan ere, Euskal Herri inguruko espetxeetarako errepideek, hurbilago egon arren, presoen senitartekoentzako eta hurbilekoentzako erruleta errusiarra izaten jarraitzen dute". Sare Herritarrak nabarmendu zuen "egin beharreko lana" orain hori dela. "Sakabanaketa eta urrunketa errepikatuko ez den iragana bihurtzea, eta presoek haien ibilbidean aurrera egiten duten bitartean, graduen progresioa egitea, Euskal Herrira eta etxera lehenbailehen itzul daitezen", adierazi zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide