Parrokiak egungo egoerara egokitutako Erramu Eguna ospatuko du igandean

Andoni Elduaien 2021ko mar. 25a, 08:30
Aurten parrokian egingo dituzte Erramu Eguneko ospakizunak. (Artxiboko irudia)

Erramu Eguneko ospakizunak parrokian egingo ditu Azkoitiko Parrokiak. Hiru mezatan bedeinkatu ahalko dira erramu adarrak.

Egungo osasun egoera bestelakoa balitz, Erramu Eguna ospatzeko ekitaldiak kalean egingo lituzke Azkoitiko Parrokiak, baina, egoerak laguntzen ez duenez, parrokian ospatuko du aurtengo Erramu Eguna. 

10:00etako eta 11:00etako mezetan zein 12:15eko familia mezan erramuak bedeinkatuko dituzte, eta horretarako, Azkoitiko Parrokiak erramuak eskuragarri jarriko ditu eliz atarian bertan. Iaz, parrokiak ez zuen ez Erramu Eguna ez Aste Santua ospatzerik izan, orduan ezarrita zegoen etxeratze aginduagatik. Aurten ere ez dituzte ohiko ospakizunak egingo, baina ekitaldiren batzuk egingo dituzte. 

Erramu Egunean ohikoak izaten dira Azkoitian erramuen bedeinkapena, prozesioa eta meza. Kristauak herriko plazan elkartu ohi dira urtero 11:00etan, eta han herriko erretoreak erramuak bedeinkatzen ditu. Bedeinkapenen ondoren, Kale Nagusitik barrena parrokiarako bidea egiten dute kristauek prozesioan, eta han meza nagusia eskaini ohi du apaizak. Aurten, ordea, ez dituzte ospakizunak kalera aterako, eta Andre Mariaren Jasokunde parrokian egingo dituzte Erramu Eguneko ekintza guztiak.

Aurten ez da prozesio irudirik ikusiko kalean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide