Aizkibel liburutegian ingurumenari lotutako zientzia tailerrak egingo dituzte apirilean

Andoni Elduaien 2021ko mar. 23a, 13:56

8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzako bi tailer eskainiko dituzte, apirilaren 21ean zein 22an, eta apirilaren 16a baino lehen eman beharko da izena.

Aizkibel liburutegiak zientzia tailerrak antolatu ditu 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat; LH3 eta LH6 mailetako ikasleentzat, hain zuzen. Ingurumena eta zientzia uztartuko dituzte tailerrek, eta apirilaren 21ean eta 22an egingo dituzte. Egun bakoitzean bi txanda eskainiko dituzte, bata 17:30ean eta bestea 19:00etan. Ekimena doakoa da, baina plaza kopurua mugatua izango da. Parte hartu nahi dutenek apirilaren 16ra arteko epea izango dute izena emateko, ordura arte egongo baita zabalik. Liburutegian bertan eman beharko da izena. 

Apirilaren 21ean 'Ozeano urdinak, marea beltzak' izenburupean egingo dute saioa. Tailer horretan, ingurumenari buruzko oinarrizko kontzeptuak azalduko dituzte. Jarduera interaktiboekin eta esperimentu praktikoekin, isuri kimikoen efektuen eta ondorioen inguruko ulermena hobetzeko eta indartzeko balioko du saioak. Petrolioa, hipotesia, xurgatzailea, dentsitatea, diluzioa, elikadura-katea, gainazaleko tentsioa eta antzerako beste hainbat kontzeptu ezagutzeko aukera izango dute partaideek. 

Hurrengo egunean, apirilaren 22an, 'Planeta salba ezazue' izeneko tailerra egingo dute Aizkibel liburutegian. Gizakiaren portaerak Lurrari nola eragiten dion ikusiko dute partaideek. Zientziak eboluzionatzen eta gure garraiobideak hobetzen nola lagun diezaguken modu praktikoan ikasteko aukera izango dute gaztetxoek. Horren erakusgarri, hidrogeno-autoak ezagutuko dituzte, eta esperimentuen bidez, haien funtzionamendua ere bai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide