Banderak trukatu dituzte Realak eta Azkoitiko Udalak

Anartz Izagirre 2021ko mar. 23a, 12:33

11:30 inguruan heldu da Realeko autobusa Azkoitira, eta udaleko ordezkariek zein Realekoek banderak trukatu dituzte. Realak eta Athleticek Sevillan (Andaluzia, Espainia) jokatuko duteen Espainiako Kopako finalaren harira, Gipuzkoako udalerrien bandera guztiak eramango ditu hara Gipuzkoako taldeak.

Datorren apirilaren 3an, larunbata, jokatuko dute Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala, Sevillan (Andaluzia, Espainia). Hori dela eta, Jokin Aperribai Realeko presidenteak gutun bat helarazi zien Gipuzkoako udalerrietako alkate guztiei, Gurekin kanpainaren berri emateko. Hain zuzen, Gipuzkoako futbol talde nagusia lurralde historiko osoa zeharkatzen ari da udalerri guztietako ordezkariekin banderak trukatzeko —udalerri bakoitzekoa eta futbol taldearena—, eta gaur, asteartea, 11:30 inguruan heldu da autobusa Azkoitira.

Realetik Joseba Ibarburu presidenteordea, Jesus Ruiz kontseilaria eta Mitxel Loinaz jokalari ohia izan dira; Azkoitiko Udaletik, berriz, Angel Martin kirol zinegotzia eta Jesus Arrizabalaga kirol teknikaria. Aizkibel liburutegiaren aurrealdean trukatu dituzte Azkoitiko bandera eta Realekoa bi aldeek, eta, ondoren, bere bidaiarekin jarraitu du autobusak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide