Azkoitiaren 700. urteurrenaren irudia aurkeztu du Azkoitiko Udalak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 18a, 13:15
Ezkerrean, Zubizarreta alkatea; eskuinean, Mendizabal zinegotzia. (Argazkia: udala)

Hiru urte gelditzen dira herria sortu zenetik 700 urte betetzeko, eta udalak urtemuga ospatzeko irudia aurkeztu du gaur. Jakinarazi dutenez, ospakizunak "diseinatzen eta planifikatzen" ari dira pixkanaka.

Javier Zubizarreta alkateak eta Juan Bautista Mendizabal Turismo eta Ondare zinegotziak gaur, osteguna, aurkeztu dute Azkoitiko herriaren sorreraren 700 urteurrenaren irudia. Urtemuga 2024. urtean ospatuko bada ere, udalak jakinarazi du dagoeneko hasi direla urteurrenaren ospakizunerako "bidea egiten". Horren adierazgarri, udalak gaur urteurrenaren logotipoaren diseinua aurkeztu du, eta Altzibar auzoan bi mural erraldoi margotu dituzte Udane Juaristi eta Gorka Larrañaga artista azkoitiarrek.

Juan Bautista Mendizabalen zuzendaritzapean garatu du udalak irudia. "Azkoitiko herriaren iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzen ditu. Barriketako iturria hartu dugu elementu zentral gisa, gure sinbolo esanguratsuenetakoa delako. Irudiaren erdian 700 zenbakia sartu dugu gorriz, eta nola ez, herriaren izena irakur daiteke: Azkoitia. Dinamismoa, freskotasuna eta mugimendua islatzen ditu. Nondik gatoz eta nora goaz? Irudiak hausnarketa hori egitera gonbidatzen du, hain justu. Ezin dugu ahaztu nondik gatozen, baina, aldi berean, ezin dugu bistatik kendu etorkizuna. Joxean Artze poetak esan zuen moduan, Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten", azaldu du Mendizabalek. "Tradizioa eta modernitatea uztartu behar ditugu. Geure-geurea dugun hura eta geuk geroari begira eraikiko duguna".

Irudia hilezkortuta geratuko da Udane Juaristiren eta Gorka Larrañagaren obretan. Lanak amaitzeko, bi artista garabira igoko dira berriro, eta 700. urteurrenaren harira garatutako logotipoa margotuko dute. Horrela, muralak "testuinguruan kokatuta" geratuko direla adierazi du udalak. Irudiaren aurkezpena eta muralak urteurrenaren ospakizunaren atarikoak dira. Udalak azaldu duenez, "ospakizuna diseinatzen eta planifikatzen" joango dira pixkanaka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide