Altzibar etorbideko eraberritze lanak tarteko, oinezkoen pasabidea itxiko dute aldi baterako

Andoni Elduaien 2021ko mar. 16a, 10:20
Altzibarko pasabidea itxiko dute obrengatik. (Argazkia: udala)

Lanekin aste honetan hastea aurreikusten du udalak, eta horregatik, Altzibar etorbiderako pasabidea itxiko dute. Oinezkoek Jausoro aldetik ibili beharko dute.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, aste honetan hasiko dira Ibaiondo kaleko eta Altzibar etorbideko eraberritze lanak. Altzibarko lanak tarteko, ezinbestekoa izango da oinezkoak ohiko pasabideetatik desbideratzea. Oinezkoek Jausoro aldetik ibili beharko dute anbulatorioa eta Jausoro nahiz Altzibar lotzen dituen zubi artean; izan ere, Altzibar etorbideko pasabidea itxi egingo dute.

Kaleetako hainbat tartetan egingo dituzte asfaltatze lanak. Horrez gain, bestelako lan solte batzuk ere egingo dituzte "gune bakoitzeko beharren arabera". Hondatutako bide-zorua berritzeaz gain, pintaketa lanak, egoera txarrean dauden arekak konpontzeko lanak edota Altuna-Portu Jauregi aurrean eroritako zuhaitz batek txikitutako barandak berrituko dituzte.

Aurreikusitako lanetan sartzen dira, halaber, Martin Deuna kalea 2 eta Kale Nagusia 16 arteko zein Altzibar etorbideko bide-zorua berritzea zein Kale Nagusiko 2 zenbaki pareko hondoratzea konpontzea, baita Elosu Korta paretik Jausororako zubira doan kalea berritzea ere. Gauza bera egingo dute Altzibar 7 eta 9 artean, garajeak dauden etxartean.

Asfaltos Urretxu S.A. enpresari esleitu dizkio lanak udalak. Hiru hilabeteko epea izango du exekutatzeko. Obren aurrekontua 109.349,56 eurokoa da (BEZ barne). 

Joan zen uztailean asfaltatze lanak egin zituzten Ibai Ondo 18 eta Martin Deuna kaleko 5. zenbakiaren artean, alegia, Berdura Plazako sarbide paretik Martin Deuna kaleko autobus geralekurainoko tartean. Oraingo esleipenarekin, lanei "jarraipena" eman nahi die udalak Altzibar alderantz luzatuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide