Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 7 eta 12 urte arteko haurrentzat udalekuak antolatu dituzte

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 16a, 13:10

Hego Euskal Herriko hamasei lekutan banatuta, 2.321 leku eskainiko dituzte. Hiru txanda egingo dituzte, uztailaren 1etik 29ra. Haur bakoitzaren egonaldia 130 euro kostatuko da. 

Pandemia dela eta, iaz ez zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek antolatutako udalekurik izan, baina aurten berriro programatu dituzte, 7 eta 12 urte arteko haurrentzako. Zazpi eguneko hiru txanda egingo dituzte, uztailaren 1a eta 29a bitartean. 2.321 leku eskainiko dituzte guztira: 815 Araban, 822 Bizkaian, eta 684 Gipuzkoan —Gipuzkoak jarriko dituen bi instalazio Nafarroan daude—. Leku horietatik guztietatik 2.147 euskaraz izango dira, eta 174 elebidunak.

Arabak lau instalazio jarriko ditu: Zuhatza, Barria, Espejo eta Bernedo. Sei jarriko ditu Bizkaiak: Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, Zugaztieta, Meakaur eta Bertiz. Eta bi jarriko ditu Gipuzkoak sei: Orio, Zarautz, Hondarribia, Arantza, Irisarriland —azken biak Nafarroan daude—, eta oraindik zehazteke duten beste bat.

Hiru foru aldundiek ordainsaria ere adostu dute: 130 eurokoa izango da. Prezio horrek barnebiltzen ditu ostatua, gosaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzu bat, erantzukizun zibileko aseguru bat, baita jatorrizko tokitik (Bilbo, Gasteiz eta Donostia) instalazioraino egin beharreko joan-etorriko bidaia ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide