On Bosco zeharkaldiak Axiri Classic taldea saritu du

Andoni Elduaien 2021ko mar. 16a, 08:00
Axiri Classic Taldeko eta Azkoitiko Klasiko Ibilgailuak taldeko kideak sariekin. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Axiri Classic taldearen bueltan Azkoitiko eta eskualdeko gainerako herrietako lagun ugarik parte hartu ohi dute On Bosco zeharkaldian, eta antolatzaileek horien fideltasuna saritu nahi izan dute.

Azkoitiko Axiri Classic taldeak eta Azkoitiko Ibilgailu Klasikoak elkarteak On Bosco zeharkaldiaren fideltasunaren saria jaso dute. Talde horien izenean zeharkaldian parte hartzen duten pertsona kopuru handiagatik eman diete saria azkoitiarrei. Azken urteotan herriko eta eskualdeko jende ugari batu da zeharkaldira bi talde horien izenean, besteak beste, Antonio Sudupe, Marcos Zubiaurre, Oscar Bernal, Xabier Korta eta Xabier Odriozola.

11. edizioa bete du aurten On Bosco ibilgailu klasikoen zeharkaldiak. Erregulartasun rallyan edo zeharkaldi ibilaldian parte hartzeko aukera eman ohi du zeharkaldiak, eta modalitate horretako rally autoen eta ibilgailu klasikoen adituak eta zaleak biltzen ditu. 

Aurten, osasun-krisia gorabehera, otsailaren 27an egin zuten zeharkaldia, baina modu birtualean. Azkoitiarrek ere parte hartu zuten ekitaldian; izan ere, partehartzaileek zeharkaldiko plakak jarri zituzten beren ibilgailuetan eta argazkiak atera zituzten beren herrietan, gero sare sozialetara igotzeko.

Iaz ospatu zen edizioko argazkia. Irudian, ezkerrean, Zubiarre eta eskuinean Sudupe.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide