Liga Nazionalerako igoera fasea jokatuko du Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 16a, 09:00

Igandean galdu arren, Anaitasunak lehen fasea sailkapenaren buruan amaituta lortu du Liga Nazionalerako igoera fasera sailkatzea. Leioako Emakumeak taldearen aurka etxean hasiko du igoera fasea.

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldea Liga Nazionalerako igoera fasea jokatzeko sailkatu da. Euskal Ligako lehen fasean hamasei neurketa jokatu ditu Gorka Zubizarreta entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak, eta hamahiru partida irabazi ditu, bakarra berdindu eta bi galdu. Hain justu, igandean aurkari izan zuen Bizkerre B taldea izan da gai oraingoz Anaitasuna taldeari irabazteko. Bizkaitarrak 2 eta 0 aurreratu ziren markagailuan atzo, baina Lorea Ruedak eta Zihara Gabilondok egindako golekin partida berdindu zuen Anaitasunak. Hala eta guztiz ere, etxekoek hirugarren gola egin zuten neurketaren hondarrean, eta garaipena eskuratu zuten.

Datorren asteburuan atsedena izango du Anaitasunak, baina martxoaren 27an edo 28an ekingo dio Liga Nazionalerako igoera faseari. Etxean hasiko dute gorrixek igoera fasea, Leioako Emakumeak taldearen aurka. Athletic C, Eibar B, Elorrio eta Leioako Emakumeak taldeak izango dituzte aurkari azkoitiarrek hurrengo asteburutik aurrera. Anaitasunaren multzotik Bizkerre B, Zarautz eta Erandioko Betiko Neskak taldeek lortu dute igoera faserako sailkatzea, baina Anaitasunak soilik beste multzoko lau aurkarien aurka neurtuko ditu indarrak, joaneko eta itzulerako neurketetan. Igoera jokatuko duten zortzi taldeetatik bakarrak lortuko du mailaz igotzea.

Lehen fasean batutako puntuak, gainera, kontuan hartuko dituzte igoera fasean. Puntu horiek, ordea, koefiziente baten baitan atera ditu Euskal Futbol Federazioak; izan ere, osasun egoeragatik beste multzoko talde batek uko egin zion liga jokatzeari, eta ondorioz, gutxiago izan dira jokoan egon diren puntuak beste multzoan. Koefizienteen arabera, hirugarren dago sailkatuta egun Anaitasuna. Liga Nazionalera iristeko, Anaitasunak zortzi neurketako bidea du aurretik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide