Azken unera arte borrokatuta, beste garaipen bat Juaristi ISBrentzat

Julene Frantzesena 2021ko mar. 15a, 08:11
Atzoko partidako irudi bat. (Mikel Amenabar)

Puntu baten aldearekin, 81 eta 80 irabazi zuen atzoko neurketa Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak, eta azken unera arte jokoan izan zen garaipena. ISBk Zilarrezko LEB Ligako mendebaldeko taldeko sailkapenaren buruan jarraitzen du, liga amaitzeko bost partidaren faltan.

Juaristi ISBk Marbella taldea izan zuen atzo aurrez aurre, Azpeitiko kiroldegian jokatutako partidan. 18:00etan hasi zen norgehiagoka, aste honetako bigarrena etxeko taldearentzat; izan ere, ostegunean Melillaren kontra jokatu zuen ISBk Azkoitiko Elkargunean –73 eta 72 irabazi zuen Azpeitiko eta Azkoitiko taldeak–. Orduan bezalatsu, puntu baten aldearekin, 81 eta 80 irabazi zuen atzoko neurketa Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak, eta azken unera arte jokoan izan zen garaipena.

Partida ondo hasi du Juaristi ISBk, 22 eta 15 amaitu baita lehen laurdena. Bigarren, zatian, pixka bat behera egin du etxeko taldeak, eta gerturatu markagailuan aurretik jarri da Marbella: 38 eta 39. Atsedenaren ostean laurden orekatua jokatu dute bi taldeek, eta azken laurdenera markagailua 62 eta 60 zela iritsi dira jokalariak. Azken laurdeneko azken segundora arte borrokatu dute bi taldeek; izan ere, segundo gutxiren faltan oraindik erabakitzeke zegoen norgehiagoka. Azkenean, baina, Juaristi ISBrentzat izan zen garaipena. Juaristi ISBko saskiratzaile onena Buckingham izan zen, 21 puntu batuta.

ISBk Zilarrezko LEB Ligako mendebaldeko taldeko sailkapenaren buruan jarraitzen du, liga amaitzeko bost partidaren faltan, 38 punturekin. Datozen bost partida horietatik hiru etxean jokatuko ditu Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak, eta bi kanpoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide