Klik!

Larunbatero, azoka

Nerea Uranga 2021ko mar. 27a, 08:30

COVID-19ak eragindako izurriteak Azkoitiko larunbateroko azokari ere eragin dio. Segurtasun neurriak bermatzeko, azoka plazatik kanpoko postuen erdiak jartzen dira; ondorioz, hamabostean behin jartzeko aukera dute saltzaileek. Azoka plazako baserritarrak, berriz, gustura daude jendeak bertako produktuak erosteko joera hartu duela antzeman dutelako.

Luis Aguado aita-semeak

Luis Frutak fruta saltzaile azkoitiarrak herrian bertan denda du; hala ere, herriko azokan frutak eta barazkiak saltzeko postua jarri ohi du. Egun, azokaren aforoa erdira murriztuta dagoenez, hamabostean behin jartzen dute postua.

Luis Aguado aita eta semea egoten dira saltzen azokan. Aitak 40 bat urte daramatza postuarekin. Lehen herriko plazan izaten zuten salmenta postua; gaur egun, berriz, eliz atarian jartzen dute. "Leku ona" dela diote, "zapatuetan jendea ibiltzen delako joan- etorrian".

1988. urte ingurutik azokara

Pikunieta baserrikoek ogia, madalenak, ardi gazta, arrautzak eta barazkiak saltzen dituzte azoka plazan larunbatero jartzen duten postuan. "Ogiaz eta gaztaz gainera, garaiaren arabera etxean ekoiztutako produktuak ere ekartzen ditugu azokara", azaldu du Pikunietako Luis Olanok. 1988. urte ingurutik jartzen dute postua Azkoitiko asteroko azokan.

Mende erdia postuarekin

Azkoitikoak bertakoak dira Fernandez Embutidos saltzaileak ere. Egun indarrean dagoen azoken gaineko aforo murrizketagatik, hamabostean behin jartzen dute hestebeteak, kontserbak, olioa... saltzeko postua eliz atarian. Manuel Gomez eta Mari Carmen Fernandez senar-emazteak egoten dira salmenta postuan lanean. Azkoitian bakarrik ez, beste hainbat udalerritako azoketan ere saltzen dute: "Gipuzkoan Eibarren, Zumaian, Elgoibarren eta Zestoan eta Bizkaian Berrizen". Gustura daude herriko azokarekin, "ondo saltzen" ari direlako.

Errioxatik Azkoitira

Joaquin Gabarri Cenicerokoa (Errioxa, Espainia) da eta handik etortzen da Azkoitiko azokara. Arropa eta lentzeria saltzen ditu. 40 urte inguru daramatza postua jartzen Azkoitiko larunbatetako azokan. Orain, ordea, azokan ezarrita duten aforo murrizketaren ondorioz hamabostean behin jarri ohi du salmenta postua. Kexu da neurri horrekin: "Nahiko gaizki gabiltza, gero eta postu gutxiago jende gutxiago ibiltzen da, eta dirua galtzen ari gara. Uste dut, gainera, Azkoitian postu denak jartzeko nahiko toki badagoela". Azkoitian ez ezik beste azoka batzuetan ere izaten da: "Nafarroan Altsasun eta Gipuzkoan Mutrikun, Arrasaten eta Elduain".

"Salmenta jaitsi da"

Ordiziatik (Gipuzkoa) etortzen da azokara Fall Amsatou. Larruzko poltsak, diruzorroak nahiz gerrikoak, aterkiak, galtzerdiak eta beste hainbat produktu saltzen ditu. Amsatou ere ez dago gustura postuen aforo murrizketarekin. "Gaizki gabiltza, ez dabil jenderik eta ez dugu ezer saltzen". Hainbat azokatan jartzen du postua: "Gipuzkoan Donostian, Ordizian, Lazkaon eta Legazpin eta Nafarroan Agurainen".

Belaunaldi aldaketa

Korteta baserriko Alaitz Aberdik azoka plazaren barruan jartzen du salmenta postua larunbatero. Garaian garaiko produktuak saltzen ditu: barazkiak, gazta, arrautzak, esnea... "Ama etortzen zen lehen azokara, baina orain ni etortzen naiz", dio. Izurritearen ondorioz, azoka barruan ere postuen artean distantzia gehiago izaten dute orain, hala ere gustura dago Alberdi: "COVIDaren kontu honekin, jendeak gehiago erosten ditu baserriko produktuak".

Mugimendua atzemanda

40 bat urte daramatzate Martirieta auzoko Urteaga baserrikoek azokan postua jartzen. Julia Alberdi jaitsi ohi da orain azokara, saltzera: "Sasoian sasoikoa eta etxean dagoena saltzen dugu: ardi esnea, arrautzak, barazkiak, gazta...". Ardi esnearen garaian, ostiraletan ere jartzen du postua azoka plazan. Azkenaldian, ostiral eta larunbatetan azoka plazan "mugimendua antzematen" dela adierazi du Alberdik: "Garaiko eta bertako produktuak erosteko joera-edo hartu dute herritarrek".

10 urte zituenetik plazan

Jesus Clementek 40 urtetik gora daramatza Azkoitiko larunbatetako azokan postua jartzen, haren gurasoek, baina, lehenagotik jartzen zuten: "Orain dela 65-70 urte hasiko ziren haiek azokara etortzen. Ni, berriz, umetan hasi nintzen, 10 bat urte nituela. Opilak, fruitu lehorrak, gozokiak. olibak eta ozpinetako produktuak nahiz kontserbak saltzen ditu Clementek. Egun, COVID- 19aren pandemia dela eta Jaurlaritzak azoken gainean ateratako dekretuaren ondorioz, herrian astero postua jarri beharrean, hamabostean behin jartzen du, eta "lanez leporaino" ibiltzen dela dio. Gipuzkoan, Elgoibarko eta Mutrikuko azokak ere egiten ditu eta Bizkaian, Berrizkoa.

Lopetegi anai-arrebak

Jose Kruz eta Guadalupe Lopetegi anai-arrebak Lezokoak (Gipuzkoa) dira, eta herriz herri gazitutako bakailaoa eta lekaleak saltzen ibiltzen dira. "Gure aita azokaz azoka hasi zela 60 urte inguru dira, eta guk segida eman diogu. Mutil koskorretan hasi nintzen aitarekin lanean, eta egun 47 dauzkat". Gernikako (Bizkaia) eta Eibarko, Bergarako eta Hernaniko (Gipuzkoa) azoketara ere joaten dira saltzera.

40 urte azokaz azoka

Fruta eta barazkiak saltzera etortzen da Azkoitiko azokara Costanstino Rueda Zumarragatik. Azpeitiko, Zumarragako, Tolosako, Zumaiako, Aretxabaletako eta Beasaingo azoketan ere ipintzen du postua. Azokako postuen aforoa erdira jaitsi dutelako haserre da: "Azkoitian eta Azpeitian bakarrik betetzen da neurri hori. Gainera, Azkoitian, nahiko leku dago denontzat; toki arazorik ez dago hemen".

Azkoitikoa, Azkoitian

Francisco Godoyk 35 urte inguru daramatza azokaz azoka arropa saltzen. Gipuzkoan, Azpeitiko eta Mutrikuko azoketan ere jartzen du postua, baita Bizkaian Lekeitiokoan eta Markinakoan ere. Eliz atarian eta Plaza Berrin postua jartzen duten beste saltzaile batzuk bezalaxe, kexu da astero postua jarri beharrean, hamabostean behin jartzeko aukera dutelako. "Segurtasun distantziak beteta postuak jartzeko toki faltarik ez dago Azkoitian, 15-16 postu besterik ez gara-eta azoka plazatik kanpo postua jartzen dugunak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide