Hitz bitan

Naia Arrizabalaga: "Gustuko ditudan bertsoak behin eta berriz entzuten ditut, buklean"

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 21a, 08:00
Naia Arrizabalaga.

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera sailkatuta, bertsotarako gaitasuna baduela erakutsi du Naia Arrizabalagak (Azkoitia, 2004).

Nondik datorkizu bertsotarako zaletasuna?

Gure etxean aitonak-eta beti entzun izan dituzte bertsoak, beti ikusi izan dugu Hitzetik Hortzera… Gero, eskolan bertsolaritza lantzen hasi ginenean, konturatu nintzen gustuko nuela, eta orain dela bost bat urte bertso eskolan eman nuen izena.

Zer da bertsolaritzatik gehien erakartzen zaituena?

Dena. Batzuek uste dute bertsolaritza dela oholtza gainera atera eta lau bertso botatzea, baina niretzat hori baino askoz gehiago da: hor atzean dagoen giroa eta lagunartea sekulakoak dira.

Nola gogoratzen duzu jendaurrean abestu zenuen lehen aldia?

Duela bi urte izan zen, 2019ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Oñatin [Gipuzkoa]. Probatzera joan nintzen. Saioko gazteena izateak erreparo pixka bat ematen zidan, baina lotsak galdu artekoa izan zen. Ondo sentitu nintzen, gustatu egin zitzaidan, eta horregatik erabaki nuen berriz parte hartzea.

Oholtzara atera aurreko minutuetan zer sentitzen duzu?

Lotsarik ez dut sentitzen, baina kezka pixka bat bai; potorik egingo ote dudan, zer erantzun asmatuko ote dudan… Dena dela, txapelketan izena ematea erabakitzen bada, esan nahi du badagoela konfiantza pixka bat norbere buruarekin.

Bertsolaritzan zein da zure erreferentea?

Julio Soto asko gustatzen zait.

Etxean bertsotan aritzeko joerarik ba al daukazu?

Bai, askotan aritzen naiz kantuan, edozein lekutan: dutxan, ispiluaren aurrean, ahizparekin… Batzuetan bat-batean jarduten dut, eta beste askotan besteei entzundakoak kantatzen. Ohitura handia daukat bertsoak entzuteko. Bertsoa.eusen sartzen naiz, eta umorearen arabera, saio bat edo bestea jartzen dut: triste nagoenean, bertso tristeak; alai nagoenean, umorera jotzen dutenak. Eta boladaka joaten naiz: gustuko ditudan bertsoak behin eta berriz entzuten ditut, buklean, nazkatzen naizen arte.

Bertsoak idazteko ohiturarik ba al daukazu?

Bai, eta bertso paper lehiaketetan ere parte hartzen dut. Badago jendea lotsagatik-edo oholtzara atera nahi ez duena, baina bertsotarako sekulako gaitasuna duena, eta haientzat aukera polita dira bertso paper lehiaketak.

Herriko gazteek ba al dute bertsotarako zaletasunik?

Bertsotan egiteko, gutxi; bertso eskolan beti zaharragoekin entrenatu dut, herrian ez dagoelako bertsotan ibiltzen den nire adineko besterik. Bertsozalea, berriz, gehiago dago, saioetara-eta jendea joaten da.

2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan bigarren egin zenuen. Espero al zenuen?

Erabateko ustekabea izan zen.

Horri esker, zuzenean sailkatu zinen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera, baina bertan behera utzi behar izan zuten saioa. Pena, ezta?

Pena hartu nuen, baina ez nintzen harritu. Dena dela, ordainetan edo, finalera sailkatutakooi aukera eman ziguten beste saio batzuetan parte hartzeko. Nik Gernikan kantatu nuen Maialen Lujanbiorekin, Etxahun Lekuerekin eta finala jokatzekoak ziren beste bi bertsolarirekin. Txapelik ez genuen irabazi, baina saio horrekin gelditzen naiz; horrelako aukera gutxi izaten dira gazteontzat.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Errespetua ematen du Lujanbioren eta Lekueren tamainako bertsolarien alboan kantatzeak. Bagenekien haien mailara ez ginela iritsiko, baina geure burua defendatzeko lain izan ginen eta asko gozatu genuen.

Bertsolaritzan noraino iritsi nahi zenuke?

Ez daukat helburu zehatzik. Oraingoz, bertsotan segitzea nahi dut eta bertsolaritzaren bueltako jendea ezagutzea eta lagunak egitea, giro hori asko atsegin dut eta. Lan eginda eta denborarekin joango dira kantatzeko aukerak sortzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide