Ireki dute Azkoitia-Azpeitia probarako izen-ematea

Andoni Elduaien 2021ko mar. 9a, 12:40

Martxoaren 28ra bitartean eman ahalko da izena Rock The Sport atarian. Parte hartzaileek apirilaren 8tik 11ra bitartean egin beharko dute proba.

Gaur, martxoak 9, zabaldu dute XXVIII. Azkoitia-Azpeitia lasterketarako izen ematea. 12:00etan ireki dute izen-ematea, eta martxoaren 28ra arte egongo da zabalik. Joan den urteko etenaldiaren ondoren, aurten antolakuntzak lasterketa egiteko aukera desberdinak emango ditu, guztiak modu birtualean. Ohiko maratoi erdiaz eta zortzi kilometroko lasterketa motzaz gain, aurten Azkoitia-Azpeitia turistikoa egiteko lasterketa prestatu dute; proba ez da lehiakorra izango. Maratoi erdian, handbike proba ere egin ahalko da, eta antolatzaileek erabaki dute aurrerantzean Ione Basterra saria izena hartuko duela handkbike probak. "Basterra ohiko parte hartzailea zen gure lasterketan, eta zoritxarrez, 2020an utzi gintuen", azaldu dute antolatzaileek. 

Izena emateko lau modu zabaldu ditu antolakuntzak, eta bakoitzak bere prezioa izango du. Izen-emate arrunta egiten duenak lau euro ordaindu beharko du. Lasterketa birtualerako aplikazioa zein dortsala deskargatzeko, entrenamenduak egiteko eta lasterketa birtuala egiteko aukera izango dute izen-emate arrunta egiten dutenek. Probako zerbitzu berdinekin, maskara eta kamiseta eskuratzeko aukera ere eman ditu Azkoitia-Azpeitia probak. 10 euro ordaintzen duenak maskara jasoko du eta 18 euro ordainduta kamiseta. 25 euro ordaintzen duenak, bestalde, kamiseta eta maskara, biak lortuko ditu.

Lasterketa birtuala apirilaren 8tik 11ra bitartean egin beharko da, eta proba egiteko aukera bakarra egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Dagoeneko deskargatu daiteke lasterketa birtuala egiteko APPa Android zein IOS gailuetan. Era berean, egin beharreko distantzia "ondo" aukeratzeko eskatu dute antolakuntzako kideek, gero atzera egiteko aukerarik ez baita ematen aplikazioak.

Azkoitia-Azpeitia turistikoa

Aurtengo edizioko berrikuntzetako bat izango da Azkoitia-Azpeitia turistikoa. Antolatzaileek nabarmendu dute, lasterketa mota hau prestatu dutela "Azkoitiko eta Azpeitiko ondarea ezagutarazteko". Maratoi erdiaren ibilbidetik gertu kokatuta dauden monumentu, eraikin eta puntu historikoetatik pasatu beharko da lasterketan zehar. Antolatzaileek zehaztutako puntu horietatik "derrigorrez" igaro beharko da, gainera. Lasterketa, oinez, korrika, edo "nahi den modura" egin ahalko da. Proba ez da izango lehiakorra, eta beraz, ez dute sailkapenik egingo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide