M8a ospatzeko, 'Emakumeen Oroimenez' eskulturaren aurrean elkartu dira udal ordezkariak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 8a, 12:08

Udal ordezkariak eta LarraƱaga eskultorea, eskulturaren aurrean. (Argazkiak: udala)

Xebas Larrañaga eskultore azkoitiarrak egindako lanaren aurrean elkartu dira gaur, martxoak 8, alderdi guztietako udal ordezkariak eta eskultorea bera.

Martxoaren 8a edo Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak Xebas Larrañaga eskultoreak egindako Emakumeen Oroimenez eskulturaren aurrean bildu dira gaur goizean. Javier Zubizarreta alkatea buru, EAJko Mertxe Zubillaga eta Juan Bautista Mendizabal, EH Bilduko Angel Etxeberria, PSE-EEko Janire Igoa eta Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxaniz bildu dira eskulturaren aurrean. Xebas Larrañaga eskultorea bera ere udal ordezkariekin elkartu da. Gizonen eta emakumeen arteko "berdintasuna aldarrikatzeko" eta "gizarte justuago baterantz bidea" egiteko deia zabaldu nahi izan dute gaurkoan udal ordezkariek.

"Gaurkoa emakumeon eguna da. Urratsak ematen jarraitu behar dugu aurrera begira, baina orain arte lortutakoa ezin dugu ez ahaztu eta ez galdu. Aurten, pandemia eta zaintza lanetan jarri ditugu begiak, zaintza lanak emakumearen gain jartzen direlako, haurren zein pertsona nagusien kasuan. Emakumeak gizarte honi egiten dion ekarpena aintzat hartu eta aitortzeko eguna da Martxoak 8, baina urteko egun guztietan erantzunkidetasunak izan behar du eredu", adierazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.

Udalak azaldu du "sentsibilizazio lanarekin jarraitzea gakoetako bat" dela, baita berdintasunaren aldeko mezua lau haizetara "ozen eta argi zabaltzea" ere. Horren harria, udalak "toki sinbolikoa" aukeratu nahi izan du gaurko egunean: Emakumeen Oroimenez eskultura. Emakumeen Oroimenez more kolorez irakur daiteke lanari eusten dion oinarri berrian. 2006ko martxoaren 8an inauguratu zuten kiroldegi aurreko biribilgunean kokatuta dagoen eskultura. Aurten, zaharberritze lanak egin ditu Larrañaga eskultoreak udalak eskatuta.

Zuhaitzak, morez

Abarketatxo Ludotekaren ekimenez, asteburuan eliza aurreko zuhaitzak apaindu dituzte haurrek. Enborrak zapi moratuz jantzi dituzte eta emakumeen eta berdintasunaren aldeko mezuak zintzilikatu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide