Gazteriak Aste Santurako antolatutako ekintzetan izena emateko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2021ko mar. 8a, 10:44

Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi Topalekuak irteerak egingo dituzte Aste Santuan. Horrez gain, robotika eta marrazketa ikastaroak ere egingo dituzte.

Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak haurrentzako eta gazteentzako aisialdirako ekintzak antolatu ditu Aste Santurako. Abarketatxo Ludotekak Haur Astea ospatuko du apirilaren 6tik 9ra, eta irteerak egingo dituzte. HH4 eta LH6 adin tarteko haurrak egun pasa joango dira Adunara, Larraitzera eta Abaltzisketara, Arrikutzeko kobazuloetara edota mendira.

Artxamendi Topalekuak, aldiz, DBH1 eta DBH4 mailetako ikasleei zuzendutako Udaberriko Ekintzak antolatu ditu. Paintballa, Flyscha ikusteko Zarautz-Zumaia ibilaldia edota mendi martxa egingo dituzte, besteak beste.

Ekintza horietan guztietan parte hartzeko, Gazte Zerbitzu Bulegoan eman beharko da izena. Ludotekako ekintzetarako bazkideek gaurtik martxoaren 12ra bitartean dute izena emateko epea zabalik. Bazkideak ez direnek, berriz, martxoaren 15etik 18ra izango dute aukera. Artxamendi Topalekuko ekintzetan, bestalde, gaurtik martxoaren 18ra eman daiteke izena.

Robotika eta marrazketa

Robotika eta marrazketa ikastaroak egiteko aukera ere eskainiko dute Aste Santuan. Robotikaren kasuan, LH3 eta LH6 adin tartekoei Roblox programazioa irakatsiko diete. Saioak apirilaren 6tik 9ra izango dira 09:30etik 13:30era bitartean.

Marrazketa saioak, berriz, LH6 eta DBH2 adin tartekoei zuzenduko dizkiete, eta apirilaren 6tik 9ra izango dira. Marrazketan trebatzeko oinarrizko gakoak irakatsiko dituzte, 10:00etatik 12:00etara bitartean.

Robotika eta marrazketaren kasuan, izen-emate orria Elkargunean eskatu beharko da, eta Gazte Informazio Bulegoan utzi. Informazio osagarria jasotzeko, Gazte Informazio Bulegoarekin jar daiteke harremanetan 943-02 60 27 telefonora deituta edo gazteria@gazteriazkoitia.eus helbidera idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide