Azkoitia-Azpeitia ISBk ezin izan du Cortegada mendean hartu

Anartz Izagirre 2021ko mar. 7a, 16:15
Juaristi ISB eta AD Cortegada taldeen arteko norgehiagoka, kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Etxeko taldea Galiziako taldearen atzetik joan da partida osoan, eta 61-72 amaitu da kiroldegian jokatu den partida. Aldiz, Juaristi ISB taldeak beste garaipen bat politsikoratu zuen atzo, larunbata, Salamancan (Espainia).

Azkoitia-Azpeitia ISBk kiroldegian jokatu du 20. jardunaldiko partida gaur, igandea, eta ezin izan du Ourenseko (Galizia) Cortegada taldea mendean hartu. Etxeko taldea galtzen joan da norgehiagokaren hasieratik, eta 61-72 amaitu da partida. Dena den, sailkapenean postu onean jarraitzen du Andoni Lazkanoren taldeak, bosgarren postuan, hain justu.

Datorren asteko partida etxetik kanpo jokatuko du Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak. Hain zuzen ere, Extremadura Miralvalle Plasencia taldea izango du aurkari, martxoaren 13an, Caceresen (Extremadura, Espainia). Etxeko taldearen aurretik doa talde hori; beraz, 21. jardunaldian norgehiagoka gogorra espero da bi taldeen artean.

Juaristi ISB, lehen postuan

Bestalde, Zilarrezko LEB ligaren 20. jardunaldia ondo amaitu da Juaristi ISB taldearentzat. Izan ere, 63-80 gailendu zen etxeko taldea Aquimisa Carbajosa taldearen aurka Salamancan (Espainia) atzo, larunbata, jokatutako partidan. Iñaki Jimenezen taldeak sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du, 34 punturekin. 21. jardunaldia Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Juaristi ISBk, martxoaren 14an, CB Marbella taldearen aurka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide