Martxoaren 8rako elkarretaratzea deitu du Sostenipe talde feministak 'Dena aldatu, sistema arrakalatu' lelopean

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 5a, 18:53

Sostenipek azpimarratu duenez, COVID-19ak "dimentsio askotako krisiak" azaleratu ditu, eta horiek ondorioak izan dituzte gizarteko sektore ugaritan, tartean emakumeen artean. Horregatik, "sistema arrakalatzera" deitu dituzte herritarrak. Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohiko mobilizazio ereduak "zailtzen"  dituzten arren, kaleak "salaketarako espazio" izateko modua bilatuko dutela aldarrikatu dute mugimendu feministako kideek. Sostenipek 19:00etan egingo du elkarretaratzea Azkoitiko plazan. 

Ate joka dago Martxoaren 8a, eta Sostenipe talde feministako kideek prest dute egun horretarako deialdia. Aurten, 'Dena aldatu, sistema arrakalatu' lelopean mobilizatuko da Euskal Herriko mugimendu feminista, eta Azkoitian ere aldarri hori eramango du plazara Sostenipek, astelehenean 19:00etan plazan egingo duen elkarretaratzean. 

Aurtengo Martxoaren 8a testuinguru berezian dator, eta horri egin diote erreferentzia Sostenipeko kideek, duela bi urte egin zen greba feminista jendetsuari aipamena eginez: "Bi urte igaro dira azken greba feministan planto egin, eta bizitzak erdiguneratzeko beharra aldarrikatu genuenetik. Urtebete igaro da jada azkenengo Martxoaren 8tik, antolatu eta borroka feministara batzeko deia egin genuenetik. Ordutik, COVID-19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Lehertu dena ez baita osasun-krisia soilik. Herritarron osasunaren gainetik, gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere". Era berean, antolatzearen beharrezkotasuna azpimarratu dute: "Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko".

Azken hilabeteei begira jarri dira, eta salatu dute COVID-19aren bueltan sortutako krisiak "eregin zuzena" izan duela espazio feminizatuetan, eta "bereziki" egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan: "Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan. Aurten inoiz baino gehiago, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adierazteko asmoz antolatu dugu Martxoaren 8a"

Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohiko mobilizazio ereduak "zailtzen"  dituzten arren, kaleak "salaketarako espazio" izateko modua bilatuko dutela aldarrikatu dute mugimendu feministako kideek. "Dagokigun arduraz jokatuta, datorren Martxoaren 8an kaleak eta plazak hartzera animatzen ditugu emakumeak, trans eta bollerak. Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antirrazista eraikitzera goaz. Gora borroka feminista!".

Ikasleen elkarretaratzea, goizean

Azkoitiko Ikasle Abertzaleak antolakunde kideek ere elkarretaratzea deitu dute Martxoaren 8rako. Horiek goizean,11:00etan hasita, egingo dute kontzentrazioa, Azkoitia BHIn. IAko kideak Emakume langileon interesen defentsan, ikasleok antolatu lelopean mobilizatuko dira aurtengo Martxoaren 8an. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide