Herriko ikastetxeek ere bat egin dute berdintasunaren aldeko aldarriarekin

Anartz Izagirre 2021ko mar. 5a, 14:31

Gaur, ostirala, Kontzejupean bildu dira herriko eskoletako eta udaleko ordezkariak, eta Martxoaren 8ko aldarriarekin bat eginez, muralak zintzilikatu dituzte udaletxeko balkoiaren azpian.

Datorren astelehenean, martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatuko da munduko hainbat txokotan, eta herriko ikastetxeek ere bat egin dute gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko aldarriarekin.

Bizilore Eskola Aktiboko, Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleek mural bana egin dute Hezkidetza Foroaren ekimenez, eta, ondoren, udaletxeko balkoiaren azpian zintzilikatu dituzte mural horiek. Astebetez egongo dira ikusgai ikasleek berdintasunaren aldeko mezuekin eta marrazkiekin egindako artelanak.

Eskoletako ikasleekin eta irakasleekin izan dira Azkoitiko Udaleko Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotzia, Begoña Gorostiaga Berdintasun teknikaria eta udaleko beste hainbat ordezkari ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide