Sahararen askatasuna lau haizetara aldarrikatu dute

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 27a, 16:47

Azkoitiko sahararren kolektiboak deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute arratsaldean plazan. Sahararen askatasuna aldarrikatu dute, eta une honetan han bizi duten egoera arbuiatu.

Gaur, otsailak 27, 45 urte bete dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Aldarrikapen horrekin bat egin eta Mendebaldeko Saharari elkartasuna adieraziz, elkarretaratzea egin dute arratsaldean herriko plazan. Azkoitiko sahararren kolektiboak deituta egin dute mobilizazioa, eta dozenaka lagun elkartu dira. Saharako banderak, gerraren aurkako aldarriak eta zauritutako sahararren irudiak ikusi ahal izan dira protestan, besteak beste.

Elkarretaratzearen bidez, Sahararen askatasuna aldarrikatu dute, eta une honetan han bizi duten egoera arbuiatu. Izan ere, joan den azaroaren erdialdetik gerra egoeran dira Saharan. 1991tik indarrean zegoen su eten akordioa hautsi zuen Marokok, Guergueraten —herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko muga— protestan ari ziren manifestari sahararrei aurre egiteko armada bidalita. Horren aurrean, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen Mendebaldeko Saharan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide