Euskal presoen lekualdaketak eta hurbilketak berrezartzea eskatu du Sare Herritarrak

Andoni Elduaien 2021ko ots. 27a, 09:09

Otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzea. (Argazkia: Sare Herritarra)

Plataformak "osasuna babesteko neurriak" aldarrikatu zituen presoentzat atzoko elkarretaratzean, eta jakinarazi zuen Frantziako espetxeetara iristeko senideentzat test azkarrak egitea eskatu dutela.

Hileko azken ostiralero bezala, Azkoitiko Sare Herritarrak presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuen atzo, ostirala, 19:30ean. 50 lagun inguruk egin zuten bat plataformak deitutako deialdiarekin.

Kontzentrazioaren amaieran idatzi bat irakurri zuten, eta azaldu zuten Espainiako Barne Ministerioak espetxeak "blindatzeko" hartutako erabakiak "mota guztietako komunikazioak bertan behera" uztea ekarri duela, baita "lekualdatzeak" ere. "Euskal presoen urrunketarekin eta dispertsioarekin behingoz bukatzeko emandako pausoak ezin dira orain eten. Hori guztia presoen eta haien gertukoen eskubideen aurkako erasoa da", adierazi zuten.

Sare Herritarreko kideek nabarmendu zuten "eskubide-urraketak" ez direla "berriak" izaten ari. "Orain dela urtebete alarma egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak daude; etsi egin duten adineko senideak".

Estatuek "espetxe barruan beste espetxe bat" eraikitzea erabaki dutela adierazi zuten plataformako kideek. Egoera ahal den neurrian "arintzeko neurriak" hartu beharrean, "espetxeak ixten" ari direla nabarmendu zuten. "Presoak arrisku taldean daude, eta oraindik ez dituzte ezarri haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, besteak beste, kalitatezko maskarak emanez edota txertoa jartzerakoan funtzionarioei ematen zaien lehentasuna presoei ere emanez. Bestalde, Frantziako espetxeetara iristean, senideentzat test azkarrak eta doakoak egitea eskatu dugu". Era berean, aldarrikatu zuten Espainian zein Frantzian bisitak eta komunikazioak lehenbailehen berreskuratu behar direla.

Sare Herritarrak plataformak euskal presoen lekualdaketak eta hurbilketak berrezartzea eskatu zuen, presoen eta haien senideen "kezka eta ziurgabetasunarekin behingoz amaitzeko". Halaber, preso askok, gaixotasun larriak dituztenek eta 65 urtetik gorakoek, aske egon beharko luketela azpimarratu zuten Nazio Batuen Erakundeak, Munduko Osasun Erakundeak eta Europako Kontseiluak gomendatu bezala, "haien osasunerako eta bizitzarako eskubidea bermatzeko".