Desgaitasuna duten ikasleen kirol premiei erantzuteko bilera egin zuten atzo, Elkargunean

Andoni Elduaien 2021ko ots. 26a, 12:48

Atzo egindako bilera. (Argazkia: udala)

Aldundiak, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek, Marea Urdinak eta Kirol Egokituko Federazioak parte hartu zuten bileran.

Urola Erdian desgaitasuna duten ikasleen jarduera fisiko eta kirol premiak ezagutu eta etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz, lan dinamika ezarri eta diagnostiko partekatu bat egiteko bilera egin zuten atzo, osteguna, Elkargunean hainbat erakunde eta eragiletako kideek. Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, bileran parte hartu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko Udaletako Kiroletako eta Gizarte Zerbitzuetako arduradun politikoek eta teknikariek; baita Marea Urdinak eta Kirol Egokituko Federazioko arduradunek ere.

Atzo egindako bilera lehena izan zen, eta lantaldea osatutzeko baliatu zuten. Udaletako ordezkariek eta teknikariek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Marea Urdinak osatzen dute oraingoz sarea, urratsak ematen jarraitzeko. Asmoa da "aniztasun funtzionaleko ikasleen kirol sustapenari eskualdeko ikuspegi integral baten bidez egituratzea" elkarrekin lan eginez, azaldu du Unai Asurmendi Aldundiko Kiroletako plangintza teknikariak. Bigarren saioa martxoaren 25ean egingo da.