Azkoitiko Udalak 85.000 euro bideratuko ditu herriko ostalariei laguntzera

Anartz Izagirre 2021ko ots. 25a, 16:00
Udalbatzarrean ostalarien mozioa onartu zuten unea. (Anartz Izagirre)

Dirulaguntzen deialdia ateratzeko oinarriak zehazten ari da udala, eta datorren astean bilera egingo du ostalariekin oinarrien berri emateko. Bestalde, ostalaritzarekin zerikusia duten bi mozio onartu zituzten atzo ohiko udalbatzarrean.

Azkoitiko Udalak 85.000 euroko partida ezarriko du herriko ostalariei laguntzeko. Gaur-gaurkoz, dirulaguntza deialdia ateratzeko oinarriak lantzen ari da erakundea, eta datorren astean ostalariekin biltzea aurreikusten du dirulaguntzen berri emateko nahiz oinarrien inguruan udalak duen planteamendua aurkezteko. Joan zen urtarrilaren 28an egin zuen udalak bilera ostalariekin, eta horren ostean hartu zuen dirulaguntza ematearen erabakia. Bestalde, udalak adierazi du aztertzen ari dela ostalariei zenbait tasa ez kobratzea ere.

85.000 euroko laguntza horretaz gain, 2020. urtean 200.000 euro bideratu zituen erakundeak ostalarientzat, merkatarientzat eta zerbitzuentzat. Hain zuzen ere, 40 establezimendu izan ziren laguntza horien onuradun, eta bakoitzak 900 euroko dirulaguntza jaso zuen —horietako batek laguntza erdia jaso zuen—. Bestalde, segurtasun protokolak bete ahal izateko saltokiek egin behar izan zituzten inbertsioetarako ere eman zituzten laguntzak; oraindik ere eska daitezke laguntza horiek.

Ostalaritzaren inguruko mozioak

Bestalde, udalean ostalaritzarekin zerikusia duten bi mozio onartu zituzten atzo, asteazkena, egindako udalbatzarrean. Hasteko, 27 ostalarik sinatutako mozio bat irakurri zuten, eta, bertan, honako hau eskatzen dute: Azkoitian autonomoek bizi duten egoeraren berri ematea Eudeli, Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari; Jaurlaritzaren eta Aldundiaren partetik dirulaguntza jasotzea, eta Aldundiari Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) ez kobratzea. Mozioa EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen; PSE-EEk aurkako botoa eman zuen, eta Azkoitia Bai abstenitu egin zen —irakurri hemen Azkoitia Bairen arrazoiak—.

Idatzi horren harira, beste mozio bat aurkeztu zuen PSE-EEk. Janire Igoa zinegotziak adierazpen bat irakurri zuen, eta, bertan, "elkartasuna" adierazi zien COVID-19a dela-eta "okerren pasatzen ari direnei". Halaber, ekonomia sustapenari eta zerga-sistemari dagokienez, Igoak erakundeei eskatu zien neurri murriztaileek eragindako kalteak leuntzeko neurriak hartzen jarraitzeko. Ildo horretatik, zinegotziak adierazi zuen "erakunde guztien lana" dela enpresa txikiei eta ertainei laguntzeko neurriak hartzea.

Bestalde, ostalarien mozioa ez onartu izanaren arrazoiak ere eman zituen PSE-EEko kideak: "Ez dugu ahaztu behar krisi honek ez diola ostalaritzari bakarrik eragiten, edukiera, ordutegi eta itxiera murrizketak eta diru-sarrerarik ezak ere eragina dute oro har ekonomia sarean, eta, bereziki, herritar guztiengan". Ildo horretatik, Igoak nabarmendu zuen "arduragabekeria" dela "kolektibo jakin bati arazoak konpontzea" helburu duen mozio baten alde bozkatzea, "baldintza berdinetan gehiago" daudela jakinda. PSE-EEren mozioa ere onartuta gelditu zen udalbatzarrean EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide