Elkarrizketa

Manu Larrañaga: "Batzorde berria gogotsu dago, eta osagai denak ditu gauzak ondo egiteko"

Nerea Uranga 2021ko ots. 25a, 08:31

Manu Larrañaga (Azkoitia, 1962) azken hamar urteetan Anaitasuna mendi bazkunako batzordeko kidea izan da. Atzo, asteazkena, Azkoitiko mendizale elkarteko batzorde berria aukeratzeko ezohiko batzarra egin zuten, eta gazte talde baten esku utzi dute mendi elkartearen ardura. Larrañagak azaldu duenez, gaur egun 350 bazkide inguru ditu Anaitasuna MBk.

Orain dela hamar urte hartu zenuten Anaitasuna MBko batzordea. Zein egoeratan hartu zenuten?

Anaitasuna mendi bazkunako batzordean sartu ginenean, elkartea nahiko egoera tristean eta larrian zegoen. Aurretik, batzordeko kide izandakoek, zazpi bat urte egin eta lagatzea erabaki zuten. Orduan, baina, inork ez zuen elkartean ardura hartu nahi, eta nahiko eztabaida izan zen bilera bat egin zen. Batzordeko ardura nork hartuko zuen bazkide denon artean zozketa eginda erabakiko zela pentsatu zen momentu batean. Orduan, elkarteko ardurarik ez hartzeagatik bakarrik, jende askok Anaitasuna utzi egin zuen eta Azpeitiko Lagun Onakera joan zen. Anaitasunari bultzada bat ematea merezi zuela pentsatzen genuen batzuk, ordea, eta batzordearen ardura hartu genuen.

Urte hauetan zer ibilbide izan du mendizale elkarteak?

Elkartea bere onera ekartzeko lana egin genuen hasieran batzordetik; diru aldetik zenbaki batzuek ez zuten bat egiten, eta hori guztia aztertu genuen. Gero, asteburuetako irteerak autobusetan egitea egokiagoa zela ikusi genuen, baina horretarako jende kopuru bat osatu behar zela. Beste kontu batzuekin, berriz, ordura arte bezala jarraitu genuen; esaterako, haurren irteerak Xabier Munibe Ikastolakoekin eta Floreaga Ikastetxekoekin egiten genituen, urtean zazpi irteera antolatuz. Gero, zortez, jende ona elkartu ginen, eta baziren batzuk mendi lasterketetan-eta ibiltzen zirenak. Hala, Izarraitzko mendi maratoi erdia indartu genuen, eta proba jendetsuak egin genituen lehen urte haietan. Izarpien Kakutera Igoera gaueko lasterketa ere antolatu genuen, Ekaitz Artetxeri esker, eta arrakasta izan zuen. Aurreneko sei-zazpi urteetan gauza piloa egin eta antolatu genituen, eta gustura aritu ginen, jendearen aldetik ere erantzuna jaso genuelako. Gero, ordea, kontua hozten joan zen. Hala ere, beti antolatu dugu Zazpi Kurutze; hori mitikoa da eta horri heldu beharra dago. Hitzordu fijoa duen bestea Kakuteko eguna izan da. 

Aurten erabaki duzue ezer ez antolatzea eta batzordea uztea.

Hala egokitu da. Alde batetik, egoera berezi honek harrapatu gaitu eta bestetik, batzordekideok pixka bat nekatuta geunden. Elkartu eta zenbaterainoko gaitasuna eta gogoa geneukan hitz egin eta aztertu genuen. Hala, batzorde aldaketa egiteko une egokia zela erabaki genuen. Gure zikloa bukatuta zegoen, ez geneukan hasierako arrankea eta batzordea osatzeko jende berriaren bila hasi ginen. Elkartea mantentzeko eta guk eraman dugun martxa hori jarraitzeko lekuko aldaketa hori bermatu behar genuen.

Elkarteko batzordearen ardura hartzeko prest talde bat azaldu da, ezta?

Zorionez, bai. Elkarteko ezohiko batzarraren aurretik pare bat aldiz bildu ginen mendizale gazte batzuekin, eta guk utziko dugun toki hori hartzeko prest azaldu dira. Gogotsu daude, eta osagai guztiak dituzte gauzak ondo egiteko. Batzordekide guztiok poz handia hartu dugu, beldur ginelako hutsune hori nola beteko zen. Elkartea aurrera eramateko beren ideia eta asmoak badituzte gainera.

Pena izango litzateke ia ehun urte dituen herriko mendizale elkartea batzordea osatu ezinda gelditzea, ezta?

Bai, hala da, baina betikoa gertatu da. Hau da, horrelako talde bateko batzordean sartzeko orduan, jendearen kezka da zenbateko arrdura eskatzen duen lan horrek. Anaitasuna mendi bazkunak berez lan handirik ez dauka; norberak egin eta antolatu nahi duenaren araberakoa da lana. Diru aldetik ondo uzten dugu elkartea, gauzak egiteko aukerarekin. Udalarekin ere harreman ona dugu, urtero eman digu laguntza eta antolatutako ekintza guztietan lagundu digu. Hori eskertu behar diogu udalari. Izan ere, mendi elkartea udalak emandako laguntzatik eta bazkideen kuotetatik bizi da. Udalak utzita, Kultur Etxean lokal txiki bat ere badu Anaitasunak. 

Zein ideia edo asmo ditu batzorde berriak?

Egia esateko, ez dakit zer ideiekin datorren talde berria, baina ideia desberdinak dituztela badakit. Guk ez ditugu bakarrik utziko hasieratik, ez diegu giltza-eta dena eman eta hor konpon lagako. Gu laguntzeko gaude, eta esan diegu alde horretatik lasai egoteko. Hasieran, gu hor egongo gara kobraketak nola diren-eta erakusteko. Egoera aldatzen bada, eta Kakuteko egunean Ixkiturrin hamarretakoa prestatzeko aukera badugu, horretan ere alboan izango gaituzte. Edozertan laguntzeko prest egongo gara gero ere.

Pandemian jende askok mendira joateko ohitura hartu du.

Bai, egoera honek mendira bultzatu du jendea. Jende gazteak joera hartu du mendirako, eta gustura ikusten dira gainera. Anaitasunak badu mendirako material bat erosita: raketak, piloetak, GPSak, kaskoak... Elkarteko bazkideen esku daude eta erabilgarri. Azken urtean, elur asko egin duenez, asko erabili dira, gainera. 

Hainbeste neurri murriztailerekin, jendeak oxigeno bila jo du mendira. Deialdi bat ere egin genuen Anaitasunatik, naturarekin oreka bat bilatu behar genuela esanez; ondo zegoela mendian hainbeste jende ibiltzea, baina errespetuz jokatu behar genuela naturarekin. Izarraitz eta Irukurutzeta aldean jende asko dabil; musuzapiren bat edo beste-eta ikusten da botata, baina oro har jendea errespetuz dabil. Mendira joateko ohiturari aurrerantzean ere heltzeko eta naturarekin errespetuz jokatzeko eskatuko nioke jendeari.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide