Denboraldiko hamabosgarren garaipena Azkoitia-Azpeitia ISBrentzako

Gaurko partidaren irudi bat. (Mikel Amenabar)

Iraurgiko emakumeen talde nagusiak 80-57 irabazi dio Azkoitian Ulla Oil Rosalia talde galiziarrari eta LF2ko A multzoko sailkapenaren hirugarren postuan dago.

Azkoitia-Azpeitia ISB saskibaloi taldeak beste garaipen bat eskuratu du, denboraldiko hamabosgarrena, gaur eguerdian Azkoitiko kiroldegian. Compostelako (Galizia) Ulla Oil Rosaliari irabazi diote Iraurgikoek, 80-57.

Bukaerako markagailuak adierazten duenez, garaipen erosoa izan da gaurkoa Andoni Lazkanok zuzentzen duen taldearentzat. Partida hasieran, ordea, nahi baino estuago ibili dira etxekoak. LF2ko A multzoko sailkapenaren behekaldean dabil Rosalia, baina lehen laurdenean ezustean harrapatu ditu ISBkoak. Estreinako laurden txarra jokatu dute Iraurgikoek, azken minutuak, batik bat, eta 15-16 atzetik bukatu dute. Ezustekoari luzamendurik eman gabe, oso bestelakoa izan da bigarren laurdena: 25 eta 12ko partzialari esker, atsedenaldian 40 eta 28 aurretik ziren etxekoak. Hirugarren laurdenean bigarrengoaren nagusitasunari eutsi dio Azkoitia-Azpeitia ISBk; 25 eta 16 izan da laurden horretako partziala. Garaipena oso bideratuta zutela, laugarrn eta azken laurdenean lasaiago ibili dira Lazkanorenak. Iraurgikoen artean zortzi jokalarik lortu dute hamar puntutik gora saskiratzea, horietatik seik hogei puntuen langa gainditu dute, eta hiru 30 puntutik gora ibili dira. Morgan Green izan da guztien buru, 34 punturekin.

Gaurko garaipenarekin, bere multzoko sailkapenaren hirugarren tokian da Azkoitia-Azpeitia ISB.

Atsedena Juaristi ISBrentzat

Asteburu honetan atseden hartu ahal izan du Juaristi ISBk, Zilarrezko LEB Ligan jardunaldirik ez baita jokatu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide