Itoiz musika taldearen inguruko materiala biltzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea

Anartz Izagirre 2021ko ots. 17a, 08:45

Herritarrek izan ditzaketen argazkiak, artikuluak, bideoak nahiz soinu grabazioak bildu nahi ditu Doxa Produccionesek, ondoren Itoiz taldearen ikus-entzunezkoa osatzeko.

Doxa Producciones ekoiztetxea Itoiz musika taldearen inguruko ikus-entzunezkoa osatzen ari da, eta horretarako material bila dabiltza. Taldearen erregistroren bat izan dezaketen pertsona guztiengana heldu nahi dute, eta herritarrei argazkiak, artikuluak, bideoak nahiz soinu grabazioak bidaltzeko eskatu diete. Itoizek 1976an hasi zuen bere ibilbidea eta 1988an desegin zen taldea; horren aurretik, berriz, Indar Trabes izenarekin kontzertuak ematen ibili zen taldea.

Ekoiztetxeak adierazi duenez, Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarri dira eta erakundeak baieztatu die Itoiz musika taldeak hainbat kontzertu eman zituela Azkoitian bere ibilbidean zehar. Hain zuzen ere, herritarrek kontzertu horien inguruko materiala bidaltzea nahi dute Doxa Produccionesekoek: "Orain arte informazio ugari bildu dugu, baina badakigu oraindik argitara atera ez den materiala egon daitekeela eta material mota hori lortzea da interesatzen zaiguna, profesionala edo afizionatua, kalitatezkoa edo etxekoa izan".

Itoizen inguruko informazioa edo materiala duenak archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikora idatz dezake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide