Karpa jarri du udalak Xabier Munibeko jolastokian, "ikasleek babestutako eta aire libreko espazio gehiago izan dezaten"

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 16a, 14:38

Udalak lau hilabetetarako alokatu du karpa, "COVID-19ari aurre egiteko ezarritako protokoloak betetzeko lagungarri" gisa. 

Azkoitiko Udalak karpa bat ipini du Xabier Munibe Ikastolako jolastokian "bertako ikasleek babestutako eta aire libreko espazio gehiago izan dezaten". Udalak azaldu duenez, "behin behineko irtenbide" gisa jarri dute karpa, "COVID-19ari aurre egiteko ezarritako protokoloak betetzeko lagungarri" bezala. Karpak 20x40 metroko tamaina du, eta lau hilabetetarako alokatu du udalak. Horrenbestez, ekainaren erdi aldera arte izango da estalki berria Xabier Munibeko jolastokian. 

Azaroan Floreaga jauregiaren ondoko berdegunea hesitu zuen udalak, asmo berarekin, aire libreko espazioak handitzeko eta eskolako haurrek bertan jolasteko aukera izan zezaten. Erakundeak jakinarazi duenez, orain dagoen itxitura "behin behinekoa" da, baina "aurki" jarriko dute behin betikoa. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide