Kriminalizazio gutxiago, inbertsio gehiago

Sostenipe, Zakela, Sortu, Azkoitiko Ostalaritza SOS, Iriaun, Erniarraitz, Matadero Ekintzak, Anaitasunako emakumeen eta gizonen lehen taldeak, Ro eta Trini Fox. 2021ko ots. 13a, 13:07
Joan zen igandean larunbateko gertakariak salatzeko elkarretaratzea egin zuten ehunka lagunek.

Sostenipe talde feministak, Zakela kultur elkarteak, Azkoitiko Sortuk, Azkoitiko Ostalaritza SOSek –ostalaritzako 27 establezimendu–, Iriaun elkarteak, Erniarraitz bertsozale elkarteak, Matadero Ekintzakek, Anaitasunako emakumeen lehen taldeak, Anaitasunako gizonen lehen taldeak, RO musika taldeak eta Trini Fox musika taldeak honako testu bateratu hau kaleratu dute, azken egunetan bizitzen ari diren "jazarpen poliziala" tarteko.

Testu hau izenpetzen dugun eragileok gure haserrea eta desadostasuna adierazi nahi dugu azken egunetan Azkoitian bizitzen ari garen jazarpen polizialaren aurrean.

Aurreko aste osoan zehar Guardia Zibilaren presentzia eta errepide kontrolak jasan ondoren, pasa den larunbat iluntzean ustezko jende aglomerazioa aitzaki hartuta, mehatxuka eta indarrez oldartu zitzaizkien Ertzaintza eta Udaltzaingoa herriko zenbait gazteri. Covid 19aren pandemiaren ondorioz ezarritako larrialdi egoera baliatuz, indar polizialek inongo kontrolik gabe eta inpunitate osoz jokatu dute zenbait herri sektoreren aurka. Batez ere, gazteria kriminalizatu eta pandemiaren erantzule egin nahian. Gure babes osoa adierazi nahi diegu jazartuak izan diren herritarrei.

Gertakari horiek Eusko Jaurlaritza egiten ari den pandemiaren kudeaketa negargarria ezkutatu eta arreta desbideratzeko estrategia dira. Gainera, ezin dugu ahaztu komunikabide handien papera, aipatu dugun kriminalizazioaren konplize izaten ari baitira. Larunbat gauen gure herrian bizitakoa ez baita kasu isolatu bat izan. Eusko Jaurlaritzak uko egin dio pandemiaren kudeaketan zituen ardurei, izurria zabaldu zen lehen egunetik berandu eta inprobisatzen ibili dira: birusen zabalkundea geratzeko arakatzaile falta, Osakidetzako langileen gehiegizko lan karga, garraio publikoa ez indartzea, hezkuntza komunitateak bizi duen ziurgabetasuna, ostalaritzari eta kaltetutako sektoreei erreskate plan batekin ez laguntzea, etab. luze bat ditugu horren adibide. Hau da, beharrezkoak diren inbertsio publikoak ez egin eta neurri murriztaileen bidez, herritarrengan utzi dute pandemiari aurre egiteko ardura osoa. Azken urteetan bizi dugun egoera latzenaren aurrean zaintza eta bizitza erdigunean jarri beharrean, enpresa handien eta kapitalaren interesak lehenetsi dituzte.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, batetik, inbertsio publikoa indartzea, herri sektore zaurgarrienak babesteko politika eraginkorrak martxan jartzea, izurritea lehenbailehen geldiarazteko beharrezkoak diren baliabide publikoak gehitzea; hau da, zaintza eta bizitzak erdigunean jartzea. Bestetik, une zail honetan herritarren babeserako izan beharko luken polizia ez dezatela erabili herritarrak jazartu eta kriminalizatzeko.

Azkoitiko Udalari, berriz, Udaltzaingoa estrategia kriminalizatzaile horren parte ez izatea eskatzen diogu, Udaltzaingoak herritarren benetako ongizatea bermatuko duen tresna izan behar baitu.

Azkenik, Azkoitiko herritarrei dei egiten diegu, errepresio forma guztien gainetik, zaintza kolektiboa lehenesteko. Garai zailetan arduraz jokatzen jarraitu dezagun eta elkar zaindu gaitezen!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide