Sestaoko hilketa salatu dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2021ko ots. 13a, 12:54
Gaurko elkarretaratzeko irudi bat.

56 urteko emakume bat hil zuten atzo Sestaon (Bizkaia). Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen, baina hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea. Hori dela eta, Sostenipe talde feministak deituta, hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek gaur eguerdian plazan. Emakumeok aske eta bizirik lelodun pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, tartean Azkoitiko Udaleko ordezkariak ere bai.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak emandako azalpenen arabera, 57 urteko gizon baten gorpua aurkitu zuten atzo goizaldean Bilboko itsasadarrean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten emakumearen gorpua etxean, indarkeria zantzuekin. Zabalik dago oraindik ikerketa, baina lehen hipotesien arabera, Ertzaintzak uste du gizonak hil zuela emaztea, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide