Baztartxo antzokiko ekitaldietarako sarrerak 'online' erosi ahalko dira aurrerantzean

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 15:00

Film emanaldietarako sarrerak ez, baina gainerako ekitaldietarako sarrerak Entradium plataforman aurkitu ahal izango dira.

Azkoitiko Udalak hitzarmena sinatu du Entradium plataformarekin, eta aurrerantzean Baztartxo antzokian egingo dituzten antzerki emanaldietarako eta musika ikuskizunetarako sarrerak online jarriko dituzte salgai Entradium plataforman.

Plataformako bilatzailean ekitaldiaren izena edota 'Azkoitia' hitz gakoa idatzita agertuko da ekitaldirako sarrerak erosteko lotura. Azkoitiko Udalaren agenda orrian ere eskuragarri egongo da sarrerak erosteko lotura.

Dagoeneko erabilgarri dago plataforma, eta bihar jarriko dituzte salgai, esaterako, otsailaren 20an Ramon Agirrek, Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak eskainiko duten Konpromisoa antzezlanerako sarrerak. Entradium plataforman, ordea, ez dituzte asteburuko film emanaldietako sarrerak salgai jarriko. Horiek orain arte bezala Baztartxoko leihatilan eskuratu beharko dira film egunetan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide