Ainara Uranga: "Umeen begietatik idatzi dut 'Marinela' ipuina"

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 12:29
Ainara Uranga.

Ainara Urangak (Azkoitia, 1978) irabazi du XXXIX. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa. 'Marinela' ipuina idatzi du, baina ez ditu itsas kontuak jaso. Azkoitiko San Martin auzoan bizi izan zen Joxe 'Marinela' pertsonaian oinarrituta ondu du ipuina. Ostiralean, udaletxean egingo dute lehiaketaren sari banaketa ekitaldia 19:00etan, eta orduan jasoko du lehen saria.

Zer da zurentzat Bizenta Mogel ipuin lehiaketako lehen saria eskuratzea?

Aitorpen bat da niretzat. Asko poztu nau idatzi dudan txikikeria epaimahaiari gustatu izanak.

Marinela izeneko ipuina idatzi duzu. 

Joxe Marinela azkoitiarrari buruz idatzi dut ipuina. Marinela oso pertsonaia maitea eta berezia zen Azkoitiko San Martin auzoan, eta bere pertsonaia askotan irudikatu izan dugu auzotarrok. Goxokiak, gaztainak edota dirua ematen zizkien haurrei; pertsonaia mitikoa zen. Etxean-eta askotan entzun izan ditugu haren kontuak, eta bere bueltan sortu dut ipuina. Joxe Marinela-ri tartetxo bat eskaintzeko idatzi dut ipuina.

Zergatik jarri diozu Marinela izenburua?

Herrian Marinela bezala ezaguna zenez, izenburu hori hautatu nuen. San Martinen Marinela zein zen galdetuz gero, ia guztiek jakingo dute nor zen erantzuten. Izenburu ponpoxoegia idatzi gabe, bera bezalakoxe xumea jartzea erabaki nuen: Marinela

Hasieratik al zenuen garbi hari buruz idatzi nahi zenuela?

Argi nuen, bai. Gauzak oroitu ahala, ordea, itzuliak ematen joan naiz ipuinari. Ipuina poliki-poliki joan naiz sortzen. Errealitatea eta fikzioa nahastu ditut ipuinean. 

Eta zertan aldatu zenuen ideia?

Ume begiekin ikusita berezitat genuen orduan Marinela. Seme bakarra zen, kale-kaletarra… Nire aiton-amonek arraindegia izan zuten, eta San Juango bainuetxera norbait garrantzitsua etortzen zenean arraina eramaten zuten. Kukuherritik esne bezeroak ere jaisten ziren orduan. Kontu horiek uztartuta, ipuinean Joxe Marinela esne saltzaile bezala aurkeztu dut, eta esnea saltzera nola bidaltzen zuten-eta kontatu dut. Gainera, zortzi anai-arreba zituen baserritar familia batekoa zela azaldu dut. Hori guztia fikzioa da, noski. Ernest Hemingwayrekin ere nahastu dut ipuinean. Hemingway Gerra Zibilean korrespontsala izan zen, eta gainera, etxekoek esanda oroitzen naiz alemaniarrak Azkoitiko bainuetxera etorri zirela II. Mundu Gerran. Urolako trena ere bazen orduan, eta Marinela herritik sekula irten gabea zenez, horrekin ere egin dut lotura ipuinean. 

Marinela ezagutu zenuela diozu. Sartu al duzu zeure burua ipuinean?

Bai, noski. Ez dut lehen pertsonan idatzi, baina nire oroitzapenak ere islatu ditut. Umetako kontuak-eta sartu ditut. Umeen begietatik idatzi dut Marinela pertsonaiari buruzko ipuina. Guretzat Olentzero moduko norbait zen Marinela, asteburuan harekin topo egitea saria baitzen San Martingo haurrontzat. Pertsona batek Marinelarekiko dituen oroitzapenak bildu ditu ipuinean. 

Zergatik erabaki zenuen ipuina idatzi eta lehiaketan parte hartzea?

Duela urte batzuk parte hartu nuen lehiaketan lehenengo aldiz, eta harrezkero urtero iristen zitzaidan gutuna etxera. Aurreko urteetan ez dut denborarik izan, baina aurten idaztea erabaki nuen. Marinela pertsonaia bururatu zitzaidan kolpera, eta nuen hezurduratik zazpi orriko ipuina idaztera iritsi nintzen. 

Zenbat denbora behar izan duzu ipuina idazteko?

Buruan nuen zerbait zenez, berehala idatzi dut. Etxean hasi nintzen idazten, eta idatzitakoa aitarekin egiaztatu nuen gurasoen etxera bazkaltzera joan nintzen egun berean. Kontrastatutakoa arratsalde horretan bertan jaso nuen ipuinean. Gero denbora kendu dit ipuina txukuntzeak, atontzeak, ortografia zuzentzeak eta esamoldeak osatzeak. 

Epaimahaiak zeri eman dio garrantzia zure iritziz?

Pertsonaia oso herrikoia eta xumea da Marinela, eta leku bat ematen zaio ipuinarekin. Halere, espero ez den itzulia ematen du ipuinak, eta bere izena itzuli horretatik ateratzen da azkenerako. Erraz irakurtzen den ipuina da, eta pertsonaiaren ezaugarriak islatzen dituenez goxo dago idatzita. Sentimenduak ere badaude eta gustura gelditu naiz egindako lanarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide