129 azkoitiar Gogorak argitaratu duen Espainiako Gerran hildakoen zerrendan

Beatriz Artolazabal sailburua atzoko datu basearen aurkezpenean. (Irekia)

Espainiako Gerran hildako herritarren zerrenden datu basearen online bertsioa jarri du martxan Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuak. 1936 eta 1945 urteen artean gerraren eta errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nahiz hiru horietan jaio baina kanpoan hil ziren 20.970 pertsonen datuak jarri dituzte kontsultagai. Herritarrei datuak osatzen laguntzeko deia egin die Gogorak.

Espainiako Gerran hildako herritarren zerrenden datu basearen online bertsioa aurkeztu zuen atzo, astelehena, Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuak. 2019tik eginda zuen Gogorak biktimen zerrenda, baina orain arte ez zegoen aukerarik zerrenda hori Internet bidez kontsultatzeko. Gainera, Euskadin gerra zibilean hildako biktimak izeneko txostena argitaratu du erakundeak.

1936 eta 1945 urteen artean gerraren eta errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildako pertsonen zerrendak kontsulta daitezke Gogoraren webgunean, baina horiez gain, hiru lurralde horietan jaio baina kanpoan hildako pertsonak ere ageri dira datu basean. Hain zuzen ere, 20.970 pertsonaren fitxak eratu dituzte, eta horietatik 129 dira Azkoitian jaiotakoak edo Azkoitian hildakoak –honako lotura honetan ikus daiteke azkoitiarren edo Azkoitian hildakoen zerrenda–.

Datu basean ageri diren 20.970 pertsonetatik 13.283 faxistek hil zituzten, eta 7.687 Errepublikaren aldeko indarrek. Gainera, badira zerrenda horretan identifikatu gabeko pertsonak ere: 698, zehazki. 20.970 lagunetatik 19.962 ziren gizonak, 977 emakumeak eta 31 sexua zehaztu gabe ageri dira.

Ikerketa zabalik

Hildakoen fitxetan hainbat datu jaso ditu Gogorak, hala nola izen-abizenak, non jaio zen, hil urteak, familiaren datuak, non dagoen lurperatuta eta informazioa nondik jaso den. Dena den, informazioa falta dela zehaztu du Gogorak; izan ere, ez dakite 7.795 pertsona non dauden lurperatuta.

Institutuko ordezkariek azaldu dutenez, gaurdaino 1.500 bat lagunek eskatu diete hildako senideen inguruko informazioa, eta hain zuzen ere, horregatik jarri dute datu basea herritar guztien eskura, webgunea etengabe berritzea nahi dutelako. Gainera, Gogorarekin harremanetan jartzeko eskatu diete Espainiako Gerran eta frankismoaren hasierako urteetan hildakoei buruzko agiriak edo informazioa duten herritarrei.

Datu basearen bidez "memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa" sustatu nahi dutela azaldu zuen atzoko aurkezpenean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Hark esan zuenez, Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza memoria historikoa lantzen, eta pozik agertu zen Espainiako Gobernua ere lan horrekin bat egien ari dela dirudielako.

Artolazabalen arabera, 1936ko Gerran hildako biktimei "duintasuna" itzultzea izan da Jaurlaritzak egitasmo honekin lortu nahi izan duena: "Iluntasunean argia egitea, ahotsik izan ez dutenei ahotsa ematea". Gainera, etorkizunera begira, "autokritika eta indarkeriaren desligitimazioa" aipatu zituen, etorkizuna "printzipio etiko sendoen gainean" eraiki behar delako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide